2016ko udal aurrekontuak herritarrekin batera osatzeko kanpaina abian da

2015/10/09
Card image cap
Udal eraikin ezberdinetan postontziak jarri dira eta lehen ekarpenak jaso dira

  Udaletxean, Kultur Etxean, Kiroldegian, Gizarte Zerbitzuetan eta Lagun Lekun, Eltzian alegia, jarri dira udal aurrekontuetarako proposamenak jasotzeko postontziak. Udal Gobernu Taldeak, aurten ere herritarren behar eta ekarpenak ezagutu nahi ditu, herritarrek Udaleko dirua zertan inbertitu nahi luketen ezagutu nahi du.

  Proposamenak egiteko bi bide zabaldu dira jada, Kontzejupetik aldizkariarekin batera etxeetara banatu den esku-orria beteta, lehen aipatutako postontzietan utzi daiteke, edota udaleko webgunean sartuta, www.oñati.eus webgunean sartuta, formularioa bete daiteke.

  Nahi beste proposamen egin daitezke eta modu indibidualean edo talde gisa egindako proposamenak gogoan hartuko dira, beti ere, udalaren eskumenekoak badira, 2016ko aurrekontuen epealdian gauzatu badaitezke eta interes orokorrekoak baldin badira. Jasangarritasunaren edo printzipio demokratikoen aurkako proposamenak baztertu egingo dira. Proposamenak egiteko azken eguna urriaren 26a izango da.

  Zabaldu berri den parte-hartze prozesu honek izango du beste nobedaderik, eta udal aurrekontuak nola osatzen diren azaltzeko, hitzaldi informatibo irekia egingo da datorren astean, hilaren 15ean. Udaletxeko areto nagusian izango da arratsaldeko 19.00tan hasita. Azalpenak Udaleko kontu hartzaileak emango ditu.

  Asmoa, herritarren ekarpenak jaso, aztertu, egingarriak diren proposamenak aurrekontu zirriborroan jaso eta 2016ko udal aurrekontuen gaia, abenduko Osoko Bilkuran aurkeztu eta onartzea da.

Iturria: Oñati Irratia
 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!