2014-2015 ikasturtean Euskaltegian aritu diren 25 ikaslek Udalaren beka jasoko dute

2015/07/20
Card image cap
Asistentzia eta aprobetxamendua saritzen da

  Udalak, euskara ikasi nahi dutenei diru laguntzak eskaintzen dizkie. Langabezian daudenek matrikula doan dute eta lan kontratua dutenei berriz, ordaindutakoaren erdia berreskuratzeko aukera ematen zaie, beti ere, ikasturtea ondo aprobetxatuz gero. Horretarako klaseetarako asistentzia eta ikastaroaz izan den aprobetxamendua baloratzen da. Udalaren diru laguntza jasotzeko, gutxienez, eskolen % 90era joatea eskatzen da. Baina ez joan joategatik, aktiboki parte hartu, lanak egin, erakutsitakoa barneratu eta euskara maila hobetzea ere eskatzen da. Baldintza horiek bete dituzten 25 ikaslek Udalaren beka jasoko dute. Beka horrek, matrikularen kostuaren erdia berreskuratzea ahalbideratuko die. Gehienek, 174 euro jasoko dituzte, baina badira, 267 eta 716 euro ere jasoko dutenak. Ikastaroaren arabera eta emandako ordu kopuruaren arabera, matrikula handiagoa edo txikiagoa izan ohi baita. Guztira, eta 2014-2015 ikasturtea likidatzeko, ia 4.200 euro emango ditu Udalak euskara ikasteko beka kontzeptuan.

  Udal Euskaltegian, 70en bat ikasle izan dituzte ikasturte honetan. Ia erdiek, udalaren diru laguntza jasoko dute euskara ikasi eta hobetzen egindako ahaleginaren sari gisa.

  Euskaltegian hasi dira jada 2015-2016 ikasturtea prestatzen baina oraindik kurtsoa ez dute guztiz itxi, taldetxo batzuk badabiltza euskara ikasten. Aipagarria adibidez EGA azterketa prestatzen dihardutenak. Iraila hastearekin batera, ikasturte berrirako matrikula epea irekiko da eta orduan ere, diru laguntza eta beka hauen berri zabalduko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!