2012ko udal aurrekontuen zirriborroa aurkezteko data ostiralera arte atzeratu du Bilduk.

2011/11/17
Hainbat diru partida zehazteko zailtasunak dituzte. Gaia ez da hile honetako Osoko Bilkuran eztabaidatuko baina Gobernu taldeak, urtea amaitu aurretik onartzeko asmoa dauka.

  Udalaren erabaki edo arduren gainetik dauden hainbat gai lotu gabe egoteak eragin du datorren urteko udal aurrekontuen zirriborroa atzeratu beharrak. Debagoieneko Mankomunitateari udalek egin beharko dioten diru ekarpena, udal langileen lan hitzarmena, kontratazio berrien zehaztapena dira, besteak beste, 2012rako udal diru kontuen proposamena ixtea eragotzi dutenak. Zailtasun horiek ikusita, Bildu udal taldeak hasierako asmoak aldatu ditu; epeak atzeratu ditu eta hasieran, hilaren 7rako agindu zuen aurrekontu zirriborroa 18an aurkeztuko du. Hala jakinarazi zaie EAJko zinegotziei.

  Aurrekontu zirriborroaren atzerapenak ondorengo tramitazio epeak ere atzeratzen ditu. Oposizioari aurrekontu proposamena bidali ondoren, emendakinetarako 15 eguneko tartea irekiko da. Horrek jada abenduan jarriko gaitu. Beraz, gaia ez da azaroko Osoko Bilkurara eramango hasierako asmoa zen bezala. Baina Gobernu taldeak, urtea amaitu aurretik eztabaidatu eta onartzeko helburuari eusten dio. Okerrik ezean, gaia abenduan aurkeztuko da. Oraindik zehazteko dago, ohiko Osoko Bilkuran egingo ote den edo hartarako propio, Osoko Bilkura berezirik deituko ote den.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!