2.500 lagunek hartu dute gripearen kontrako txertoa Oñatin, 2021ean baino gehiagok
Ohiko arrisku taldeetara mugatu zuen Osakidetzak gripearen kontrako txertoa hartzeko aukera lehen asteetan. Azarotik aurrera berriz, edonorentzat ireki zen txertatzeko bidea, azken urteetan bezala. Covid pandemia betean geunden 2020an 3.000 herritar baino gehiagok hartu zuen gripearen aurkako bakuna baina hurrengo urterako egoera lasaitu egin zen eta txertatuak kopurua ohiko mailara bueltatu zen. Abenduaren 30ean amaitu zen azken kanpainan 2.500 oñatiar inguru txertatu dira, aurreko urtean baino gehixeago.
Gripearen kontrako txertaketaren ardura anbulatorioak hartu du, ohikoa denez, eta bertatik egin da bakunen eskaera, jartze eta kontabilitatea eramatearen lana. Kanpainak iraun dituen hiru hilabeteetan errefortzuko erizain bat izan da txertoak jartzen soilik. Plantilako beste erizainek ere kupoan dituzten hainbat herritar txertatu dituzte. Baina gripearen kontrako txertoa Covid-19ari aurre egiteko txertoarekin batera jarri zaie hala eskatu duten 60 urtetik gorakoei. Eta horrek, hainbat buruhauste eragin ditu, Covid-aren txerto dosiak ez direlako banakakoak.
Une honetan ere Covid-ari aurre egiteko txertoa hartu daiteke baina ez Oñatin, Arrasaten baizik. Covidaren txerto-pauta osatzeko aukera ematen jarraitzen du Osakidetzak, adin mugarik jarri gabe. Covid-ari aurre egiteko lehen, bigarren, hirugarren edo laugarren dosia hartu nahi duten herritarrek hitzordua eskatu behar dute, bai Osakidetzaren web atariaren bitartez edo osasun zentrora telefonoz deituta, baina jakinik, txertatzera Arrasatera joan beharko dutela. Covid-aren txertorik hartu ez eta lehen dosia jarri nahi duenak, aurrez adierazi beharko du, protokoloa berezia delako. Gainontzekoen kasuan ez da aparteko argibiderik eman behar. Hori bai, azken hilabeteetan Covid-ean positibo eman dutenek gutxieneko tarte bat gorde behar dute txertoa hartu ahal izateko, 80 urtetik gorakoek hiru hilabete, eta 80 urtetik beherakoek, bost.
Covid-aren kontrako txertaketa astean egun batean edo bitan biltzen dituzte Arrasaten, beraz, gerta liteke gaur deitu eta hitzordua aste batzuk barrurako ematea.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!