Oñatiko udala

2.500 kilo material inguru batu da Ukrainarako, asteburuan

2022/03/28
Card image cap
(Arg: Goiena)
Asteazkenean aterako da Ivankiv hirirantz Chernobilen lagunak elkarteak bildutako materiala

  Ostegunetik larunbatera egin zuten Chernobilen Lagunak elkarteko oñatiarrek Ukrainarako material bilketa, Martzelino Zelaia kaleko lokal batean. Higiene produktuak, osasun materiala, elikagaiak eta argia egitekoak eskatu ziren eta herriak eskuzabal erantzun zuen, beste behin, 2.500 kilo material inguru batu zelarik.

  Egun gutxitan antolatutako material bilketa izan da, egun errusiarren esku dagoen Ivankiv hirira laguntza humanitarioa helarazteko zirrikitu bat zabaldu baitzaio Chernobilen lagunak elkarteari. Etzi, asteazkenez, laguntza helarazteko lehen kamioia abiatuko da Ukrainara eta, tartean, oñatiarrek emandakoa bidaliko da.

  Harreman estua dago Gipuzkoa eta Kiev iparraldean dagoen Ivankiv hiriaren artean, bertako haur asko uda pasatzera gurera etorri baitira urteetan. Oñatira etortzen diren haur ukrainarrak ere Ivankiv eta inguruko herrietakoak dira. Egun errusiarrek okupatutako lurraldea da eta bertan dauden zibilen egoera larria da, ur eta argindarrik gabe daudelako eta kasik hornidurarik gabe, Chernobilen lagunak elkartekoek jakinarazi dutenez.

  Elkarteak eskerrak publikoki eman nahi dizkie bai herritarrei, bai herriko enpresa eta zerbitzuei eta baita Hotz Oñati elkarteari ere, egindako ekarpenagatik, batzuk produktuak eta materiala ematen, beste batzuk zuzenean materiala jaso eta kaxetan prestatzen erakutsi duten elkartasunagatik.

  Asteazkeneko bidalketa helmugara ondo iritsiko denaren esperantza badute Chernobilen lagunak elkartekoek, baina ziurgabetasun puntutxo bat ere badutela onartzen dute. Dena ondo badoa, berandu baino lehen, beste laguntza proiektu batzuk abiaraziko dituztela aurreratu dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!