Oñatiko udala

2.000 lagunek hartu dute gripearen kontrako txertoa Oñatin

2021/11/17
Card image cap
400 dosi gehiago eskatu dira anbulatorioan, txertatzeko aukera edonori zabaldu zaion honetan

  Astelehenaz geroztik edonork du gripearen kontrako txertoa jartzeko aukera. Horretarako, txanda eskatu eta dagokion egun eta orduan osasun etxera joatea nahikoa da. Gripearen kontrako txertoa hartzeko hitzordua Osakidetzako web ataritik edo anbulatoriora telefonoz deituta eskatu daiteke.

  Astelehenera arte, hau da, txertaketa kolektibo jakin batzuei mugatuta egon den bitartean, 2.000 herritar inguru txertatu dira Oñatin. Normalean, Covid aldagaia izan ez den urteetan, 2.200 herritar txertatu izan da gurean. Beraz, kanpaina hasi eta lehen hilabetean ohikoa baino lagun gehiago bakunatu dela esan genezake. Horietako askok gainera Covidari aurre egiteko txertoaren hirugarren dosia ere hartu dute. Baina astelehenaz geroztik gripearen kontrako txertoa hartzeko aukera zabaldu da, esan bezala, eta eskaera berriei erantzun ahal izateko 400 txerto dosi gehiago eskatu dira.

  Iaz ere nahi zuten guztiei eman zitzaien gripearen txertoa jartzeko aukera eta 3.000 lagun inguru bakunatu ziren, ia hiru oñatiarretatik bat. Aurten kopuru horietara iritsiko ote den esaterik ez dago baina litekeena da. Gripearen aurkako 2021eko txertaketa kanpaina amaitzeko datarik ez da jakinarazi baina Gabonak bitartean-edo luzatuko dela espero baitute anbulatorioan, hau da, beste bospasei astez oraindik. Covidari aurre egiteko hirugarren dosia jartzeko aukera berriz, 70 urtetik gorakoei eskaintzen zaie.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!