Oñatiko udala

17 ukrainar daude Oñatin, Larraña etxean, gerratik ihesi

2022/03/10
Card image cap
Oso kezkatuta baina eskertuta azaldu ziren atzo prentsa aurrera

  Oñatiraino beraien kabuz, autoz iritsi diren 17 emakume eta haur daude une honetan Larraña harrera etxean. Ez dute aparteko lotura edo ezagunik Oñatin. Errusiar soldaduak Ukrainako muga gainditzen hasi eta ordu gutxitara, otsailaren 24an bertan ekin zioten ihesaldiari. Bere historia azaltzera 17 lagun horietatik zazpi hurbildu ziren atzo hedabideen aurrera, hiru emakume eta lau haur. Alboan, Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo Zuzendari Xabier Legarreta eta Zehar-Errefuxiatuekin elkarteko zuzendari Arantza Chacon izan zituzten.

  Jasotako harreragatik oso eskertuta daudela agertu ziren eta seguru eta babestuta sentitzen direla esan zuten, nahiz eta, aldi berean, oso kezkatuta ere badauden sorterrian geratu diren senideek bizi duten egoeragatik, eta inpotentzia handia sentitzen dutela aitortu zuten. Ukrainan geratu diren senar eta semeekin internet bidez egunero berba egitea lortu dutela ere azaldu zuten.

  Larraña Etxeko arduradun Arantza Chaconek azaldu zuen lehen beharrak asetzen saiatu direla, atseden eta arnas pitin bat hartzeko leku seguru eta atsegina eskaintzen. Baina haratago begira ere jarri direla, berehalako beste behar batzuek nola bideratu aztertzen, haurren eskolaratzea, esaterako. Bitartean, herrian jasotzen ari diren elkartasuna eta laguntza eskaintzak ere aipatu zituen, itzulpenak egiteko edo haurrekin jolas egiteko eskaintza xumeak baina egunerokotasunean eskertzen direnak.

  Laguntza eskaintza ugari jasotzen ari direla ere aipatu zuen Xabier Legarretak. Eskaintza guztiak ordenatu eta koordinatzen saiatzen ari direla esan zuen eta herritarren eskura jarritako helbide elektronikoa gogoratu zuen: errefuxiatuak@euskadi.eus. Edozein laguntza eskaini nahi duten herritar guztiei bitarteko hori erabiltzea eskatu zien.

  Euskal Herrian 3000-3500 ukraniar inguru bizi direla eta Chernobilgo haurren urteetako harrera familiak ere asko direla esan zuen Legarretak . Horien bitartekaritzaz gurera zenbat ukrainar etorri diren zehaztea zaila dela azaldu zuen baina Eusko Jaurlaritzak dituen hiru harrera zentroetan 27 lagun daudela argitu zuen. Gehiago etorri daitezkeenaren aurreikuspena dute eta Irunen estreinatzeko dagoen 150 plazako egoitza prest dutela gaineratu zuen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!