Oñatiko udala

16 langabe gutxiagorekin amaitu da urtea Oñatin, nahiz eta abenduan langabezia handitu egin den

2023/01/03
Card image cap
Urteko bataz besteko langabezia tasa % 6,25 da

  Ohikoa izaten da gurean langabezia handitzea abendu eta urtarrila artean. Urte amaierako lan kargari aurre egiteko udazkenean sinatzen diren kontratu asko orain amaitzen baitira. Pentsatzekoa zen beraz abenduan langabe kopuruak gora egingo zuela Oñatin eta hala gertatu da, azaroan baino 25 langabe gehiago erregistratu dira enplegu bulegoetan. Baina, orokorrean, urtea hasi baino hobeto amaitu da eta iazko abenduan baino 16 langabe gutxiago daude orain herrian.
Azken hilabeteko datuei erreparatuta, 25 eta 44 urte artekoen artean handitu da bereziki langabezia, nahiz eta helduagoetan ere handitu den. Aipagarria da 25 urte baino gazteagoak direnen artean gutxitu egin dela lan bila daudenen kopurua, bai gizon nahiz emakumeen artean. Une honetan 349 langabe daude Oñatin eta langabezia tasa % 6,41da.

  Orain urtebeteko datuekin alderatuta berriz, egoera hobea da eta urtea 16 langabe gutxiagorekin amaitu dugu. Ondorioz, langabezia tasa puntu heren murriztu da. 2022ko bataz besteko langabezia tasa % 6,25 izan da. Hala ere, ez da pandemia aurreko 2019ko datuaren parekoa, orduan, urteko bataz bestekoa puntu erdi beherago kokatu baitzen, % 5,79 izanik. Aipagarria da gainera, 2019an, % 6tik behera mantendu zela hiruhilero herriko bataz besteko langabezia tasa. 2022an hiru hilabetetan kokatu da langabezia % 6ko langaren azpitik: maiatzean, ekainean eta azaroan.

  Hego Euskal Herrian, orokorrean ere, handitu egin da langabe kopurua abenduan eta aurreko hilean baino 205 gehiago zenbatu ziren, guztira, 142.408 pertsona. Baina 2021eko abenduan erregistratuta zeundenekiko, 4.463 langabe gutxiago dira. Gizarte Segurantzako kotizatzaileen datuei erreparatuta, jaitsiera txiki bat egon da eta hautsi egin da aurreko lau hilabeteetako joera. 1.497 gutxiago daude, eta 1.294.043 dira guztira. Abenduan ohikoa da afiliatuen kopuruak gora egitea, Eguberrietan merkataritzan eta ostalaritzan izan ohi diren kontratazioen ondorioz. Baina enplegu hori epe laburrekoa izan ohi da, urtarrilean berriro milaka kotizatzaile galtzen baititu Gizarte Segurantzak.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!