157 familia auzo-konposta egiten hasiko dira datorren astean.

2013/04/25
Bidebarrieta, Zubibarri, Ugarkalde eta San Lorentzoko guneak martxan jartzeko informazio bilerak egingo dira astelehen eta asteartea bitartean.

  Errekalde eta Olakuako guneak prestatzen diren bitartean, aipatutako laurak izango dira martxan jartzen lehenak. Horretarako, gune bakoitzean auzo-konposta egiteko aukeratu diren familiei gutun bana bidali zaie bilerara deituz. Bilerak guneka eta auzo-konposta gunean bertan egingo dira lekua ezagutu, kuboak jaso, parte hartuko duten familiak ere elkar ezagutu eta taldeak osatuta ardurak banatzeko. Alegia, konpostagailura botatzen dena nahastu edo konposta egiteko beharrezkoa den material siku edo lehorra nork botako duen erabakitzeko. Aldi berean, gunera sartu ahal izateko giltzak banatuko zaizkie.

  Informazio bilera horiek astelehen eta asteartean egingo dira. Astelehenean, apirilak 29, 18:30ean Bidebarrietako gunean eta 19:30ean Zubibarrikoan eta asteartean, apirilak 30, 18:30ean Ugarkalden eta 19:30ean San Lorentzokoan.

  Guztira, martxan jarriko diren lehen lau auzo-konposta gune hauek 157 familiak erabiliko dituzte. Gogoratu, 600 familia baino gehiagok eman zutela izena auzo-konposta egiteko. Datorren astean martxan jarriko diren lehen gune hauen ondotik, Errekalde eta Olakuan gertatzen ari direnak erabili ahal izango dira. Datozen hilabeteetan gune berriak prestatzen jarraituko da.

  Era berean, atez ateko hondakin bilketa sistema ezarri aurreko lanek ere aurrera darraite. Maiatzaren 6tik 15era, bilera informatiboen bigarren erronda egingo da. Bilera hauetan, zerbitzuaren ingurukoak azalduko dira: hondakin frakzio bakoitzaren bilketa zein egunetan egingo den, nola, ordutegia, kuboen banaketa nola egingo den eta aurreko fasean herritarrek egindako ekarpenei eman zaizkien erantzunak, besteak beste. Bilerak, egun, ordutegi eta leku ezberdinetan egingo dira herritar orok parte hartzeko aukera izan dezan. Aurreko txandan egin bezala, oraingoan ere merkatari, elkarte gastronomiko eta landa guneetan bizi diren auzotarrei zuzendutako bilera bereziak egingo dira. 

  Astelehenetik aurrera bestalde, zintzilikarioen behin betiko kokaleku ikusgai izango da Santa Ana aretoko sarrerakoan. Egun hauetan, zintzilikarioen inguruan aldaketaren bat egitea proposatu zuten herritarrekin zuzenean harremanetan jartzen ari dira beren ekarpenen inguruan zein erabaki hartu den jakinaraziz. 

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!