15 lagunek parte hartuko dute “etxez etxeko higienea eta arreta sanitarioa” izeneko ikastaroan

2015/10/19
Card image cap
Udalak antolatu duen formazio modulua gaur arratsaldean hasiko da

  Dagoeneko arloan diharduten edo aritu nahi duten lagunak dira Udalak antolatutako formazio ikastaroan parte hartuko dutenak. Beti ere, etorkizunean beharrezkoa izango den titulazio ofiziala eskuratzeko helburuarekin. Baina gaur hasiko den modulua, Udalak aurrez eman dituenak baino sakonagoa da eta aurkeztu ahal izateko oinarrizko titulazioa izatea  eskatzen zen. Hala, izena ematerakoan gutxieneko titulazioa aurkeztu ez duten lau hautagaiek gaitasun froga egin behar izan zuten pasa den astean. Gaindituta, 15 lagunek hasiko dute gaur arratsaldean etxez etxeko higienea eta arreta sanitarioa izeneko ikastaroa.

  Gaur hasiko den ikastaroa, 600 orduko formazioa osatuko duten lau moduluetako lehena da. Hurrengoak, datozen hilabeteetan zehar eginez joango dira eta amaieran, ikastaro guztiak gainditzen dituztenei, arreta soziosanitario arloan, erdi mailako lanbide heziketaren pareko edo kontsideratu daitekeen titulazioa emango zaie. Lau moduluetan, etxez etxeko higienea eta arreta sanitarioa, etxez etxeko arreta eta laguntza psikosoziala, laguntza eta familia elikadura eta beste jardunbide batzuk ikasiko dira.

  Etxez etxeko higienea eta arreta sanitarioa ikastaroa, Zubillagako Olaburu zentroan emango du Arrasateko Bastida akademia homologatuak. Gaur hasi eta abenduaren 18ra arte luzatuko da, eta eskolak, astelehenetik ostiralera,15.00etatik 19.00tara izango dira. 

  Udalak antolatu duen zaintza arloko formazio ikastaro honek 12.750 euroko aurrekontua du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!