15 egunez luzatuko da gaur amaitzekoa zen lorezaintza zerbitzua kontratatzeko lizitaziora aurkezteko epea

2015/03/02
Card image cap
Baldintza teknikoetan egin diren akats zuzenketek, hasieran jarritako epea beste 15 egunez luzatzea ekarriko dute, iragarkia argitaratzen den unetik aurrera

  Herriko lorategi eta berdeguneetako mantentze-lanen zerbitzua emateko kontratuaren baldintza teknikoen akatsen zuzenketa osteguneko Osoko Bilkuran onartu zen. Hasierako baldintzetan zeuden itzulpen akatsak zuzendu ez ezik, hainbat zehaztasun edo argibide osagarri ematea erabaki zen. Hala, Olakuako urmaelaren eta ondoko lorategiaren garbiketa egin beharko dela zehaztu da eta egungo lorategi zerbitzuko langileak, lanaldi osoan ari direla argitzen da, besteak beste.

  Argibide horiek ez dira sakoneko aldaketak baina baldintza plegua pitin bat zehazten dutenez, proposamenak aurkezteko epea luzatzea eragiten dute. Hartarako interesa duten enpresek, 15 egun natural gehiago izango dituzte beren eskaintzak presentatzeko. Berez gaur amaitzen zen epea baina zabalik mantenduko da, baldintzen akats zuzenketen inguruko iragarkia argitaratu eta beste 15 egunez. Iragarkia, egun batetik bestera argitaratuko da.

  Udalak, herriko berdegune, parke, lorategi eta zuhaizti publikoen mantentze lanak, iraunarazpen, birjarpen eta hobekuntza zerbitzua orokorra esleitzeko prozesua martxan du. Mantendu beharreko azalera 245.000 m²-koa da eta eremuak berriz, Oñatiko berdegune publiko guztiak, kiroldegiko igerilekuko kanpoko berdegunea, San Martin eta Santa Lutzia zuhaiztiak eta Usako. Gainera,  Olakuako urmaela eta bertako animalien zaintza lanak egin beharko dira eta auzokonpost-guneez arduratu. Hala behar denean, udal hilerriko lorezaintza-lanetan laguntza ere eskaini beharko da.

  Gune bakoitzaren ezaugarrien arabera, mantentze lanak nola eta zenbatera egin beharko diren zerrendatu dira baldintza plegoan. Era berean, enpresak jarri beharko lituzkeen gutxieneko giza baliabideak ere zehaztu dira. Lanaldi osoko dedikazio esklusiboa izango duen bospasei laguneko lantaldea aurreikusten da. Horrezaz gain, Udalaren aurrean enpresa ordezkatuko duen teknikaria ere izendatu beharko da.

  Lorezaintza zerbitzuaren lizitazio prezioa ia 236 mila eurotan mugatu du udalak, horri, BEZa batu beharko zaio.
Aurrekontua horretan pertsonalaren kostea, makineriaren mantentzea, kontserbazio eta kontsumo gastuak, eta inbertsioen amortizazio gastuak jaso dira.

  Udalak, hasieran, lau urteko kontratu epea eskaintzen du, beste bi urtez luzatu daitekeelarik.

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!