14 langabe gutxiago zenbatu dira Oñatin azaroan

2022/12/05
Card image cap
Langabeziak beranzko joerari eutsi dio hirugarren hilabetez jarraian eta tasa % 6aren azpitik kokatu da, udaberritik lehenengoko aldiz

  Udazkena enplegua bizkortzeko garaia izaten da gurean eta aurten ohiko joera hori berresten ari da. Hirugarren hilabetez jarraian langabezia gutxitu egin da Oñatin. Azaroan 14 langabe gutxiago zenbatu dira eta langabezia tasa %6ko langatik behera kokatu da berriro, maiatzean eta ekainean gertatu bezala. Azaroaren 30eko dataz Oñatin 324 langabe zeuden eta langabezia tasa % 5,95 zen, SEPEren datuen arabera.

  25 eta 44 urte bitartekoen artean murriztu da langabezia azken hilabetean, bai gizon zein emakumeen artean. Aldiz, handitu egin da bai 25 urtez azpikoen artean eta 45 urtez gorakoen artean.

  Iazko azaroko datuekin alderatuta, 33 langabe gutxiago daude Oñatin orain, baina pandemia aurreko 2019ko azaroan baino 12 gehiago. Dena den, udazkenean kontratazioak gehitu egin ohi direla esan dugu baina hori ez zen gertatu ez 2019an ezta 2021ean ere. Irailetik azarorako epea positiboa izan da Oñatin langabeziari dagokionean eta 44 langabe gutxiago zenbatu dira. Baina abenduak ematen dituen datuen zain egon beharko gara, udazkenean egiten diren kontratu asko abendua eta urtarrila bitartean baja izaten direlako.

  Begirada zabalduaz, Hego Euskal Herri mailan ere behera egin du langabeziak azaroan, eta gora berriz, langileen kopuruak. Hirugarrenez jarraian kotizatzaileen marka hautsi egin da Hegoaldean. Nafarroan gehitu egin da langabeen kopurua baina gutxitu aldiz, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian. Orokorrean, urrian baino 817 langabe gutxiago erregistratu dira Hegoaldean. Gizarte Segurantzako datuetan isla izan du eta azaroan 3.658 kotizatzaile gehitu dira, inoiz baino langile gehiago daudelarik Gizarte Segurantzan kotizatzen. Sinatutako kontratuen lautik bat mugagabea izan da baina azken lan erreforma indarrean jarri izanaren ondorio da, neurri handi batean, nabarmen handitu baitira kontratazio mugagabeak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!