Oñatiko udala

14 lagunek parte hartu dute Eltziako tabernako instalazioak ezagutzeko egin diren bisita gidatuetan

2018/02/09
Card image cap
Zerbitzua kudeatzeko interesatuek hilaren 26ra arteko epea dute eskaintzak aurkezteko

  Eltziako taberna-kafetegia ustiatzeko interesa dutenei instalazioak erakustea zen hain zuzen ere, atzo eta herenegun egin ziren bisita irekien helburua; espazioa bera eta taberna-kafetegia nola hornitu den bertatik bertara  ezagutzea. Egin diren lau bisitetan 14 lagunek parte hartu dute guztira, batzuk bakarrik joan dira, beste batzuk taldeka, zerbitzuaren kudeaketa hala, taldean egiteko asmoa baitute. Eta horrela adierazi diote bisitak gidatu dituen udal teknikariari. Baina orain, eskaintzak egitea falta da, epea, hilaren 26an amaituko da.

  Eltziako taberna-kafetegia ustiatzeko udalak finkatu duen lizitazio aurrekontua 50 euro gehi BEZa da, hileko. Horren pareko edo gaineko proposamenak aurkeztu beharko  dira, jakinik, eskaintza ekonomikoa izango dela zerbitzua esleitzerakoan irizpide nagusia. 

  Eltziako taberna-kafetegi zerbitzuaren gutxieneko egutegi eta ordutegia ere finkatu du udalak; astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 20:30etara ireki beharko da eta larunbatetan goiz eta arratsaldez: 10:00etatatik 14:30tara eta 16:00etatik 20:30etara. Hori, gutxienez bete beharreko zerbitzua izango da. Taberna-kafetegia zabalik dagoen bitartean, Eltziako sarrera nagusiko atea  eta Topagunetik klaustrorako atea ireki eta ixteaz arduratuko da. Eltziako tabernaren ustiaketa prozesuari dagokion baldintza plegu osoa udaleko web atarian edota udal bulegoetan eskuratu daiteke. Proposamenak ere, udal bulegoetan aurkeztu behar dira otsailaren 26a bitartean. Orain arte ez da eskaintzarik jaso.

  Proposamenak hiru kartazal edo sobretan presentatuko dira, enpresaren egiaztagiriak batean, memoria teknikoa bigarrenean eta eskaintza ekonomikoa hirugarrenean. Eltziako taberna-kafetegiko zerbitzuaren ustiaketa bi urtetarako kontratatu nahi du udalak, beste bi urtez luzatu daitekeelarik.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!