13 proposamen jaso dira kiroldegiko tenis pistaren egokitzapen-lanak egiteko lizitaziora.

2013/12/10
Card image cap
Beheko pista estaltzeko lanak bi hilabeteko epean egin beharko dira.

  Atzo bertan amaitu zen eskaintzak aurkezteko epea eta 13 izan dira, esan bezala, jaso diren proposamenak. Egun gutxi barru plikak ireki eta eskaintzak aztertuko dira eta merkeena zein den ikusiko da. Lizitazio baldintzetan esleipenerako irizpide bakarra eskaintza ekonomikoa izango zela jaso baitzen. Udalak, lizitazio prezioa 249 mila eurotan finkatu zuen, horri BEZa gehitu behar zaiolarik, baina aurkeztu diren enpresen eskaintzak gehienezko kopuru horren azpitik egon behar dute. Gogoratu, Zubikoa kiroldegiko tenis pista bat estaltzeko lanak LKS enpresak osatu zuen proiektuaren arabera egingo direla.

  Beheko tenis pistari, uhin formako estalkia egingo zaio da, jolasgunea ez ezik, ikusleentzako harmaila ere babestuko delarik. Estalkiak, argi naturala sartzen uzten duten panelak izango ditu sabaian. Tenis pistaren gainean 7 metroko altuera hartuko du eta ondorioz, edozein lehiaketa ofizial jokatzeko aukera emango du.

  Lanok 2013 eta 2014ko aurrekontuen gain egingo dira. Udalak, aurten presupuestoetan  125 mila euroko diru partida berezitu zuen tenis pista bat estaltzeko. Ondorioz, hortik gorakoa ordaintzeko beste partida bat zehaztu beharko da 2014ko aurrekontuetan. Lanak ere aurten hasten badira ere datorren urtean amaituko dira. Lanak egiteko 2 hilabeteko epea zehaztu zen lizitazio baldintzetan.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!