13 lan aurkeztu ziren domekan egin zen Ageriko XVIII. Pintura Lehiaketara

2022/09/27
Card image cap
Sari nagusia Ricardo Azkargortak eraman zuen

  Bi urteko etenaren ondoren kaleko margolariak Oñatira itzuli ziren igandean. 13 lagunek parte hartu zuten, 11 helduen kategorian eta bi 16 urtez azpikoenean. Aipagarria da 13 partaideetatik 5 herritarrak izan zirela, hiru helduen kategorian eta bi gaztetxoenean. Eta bi gaztetxo horiek saria eskuratu zuten: lehenengoa, Garazi Biainek jaso zuen, 100 euro eta margotzen jarraitzeko oparia, eta bigarrena, Helene Kortabarriak, 60 euro eta oparia.

  Nagusien kategorian berriz, 11 lan jaso ziren. Lehenengo saria Ricardo Azkargortak eskuratu zuen. Erreka parrokiako klaustropetik irteten margotu zuen eta 600 euro poltsikoratu zituen. Bigarren saria, 400 euro, Jokin Telleriak irabazi zuen. Honek Antixenako parke ingurua margotu zuen. Eta hirugarren saria Alipio Ruanok irabazi zuen. Honek ere erreka irudikatu zuen baina AUTLAN atzealdetik herrigunera begira. 300 euroko saria jaso zuen. Helduen kategorian parte hartu zuten hiru oñatiarren artean Eñaut Uribesalgoren lana hautatu zuen epai-mahaiak eta 300 euro jaso zituen.

  Saritutako lanak eta lehiaketara aurkeztutako guztiak Kultur Etxean ikusgai daude, pintura ikastaroetan aritu direnen lanekin batera. Erakusketa urriaren 16ra arte mantenduko da eta arratsaldez ikusi ahal izango da, irailaren 29tik urriaren 3ra bitartean eta urriaren 12an izan ezik, egun horietan itxita egongo baita erakusgela.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!