Oñatiko udala

12 pallet arropa eta 3.200 kilo elikagai batu dira Oñatin lurrikarek kaltetutakoei bidaltzeko

2023/02/21
Card image cap
Janaria Zaporeak elkartearen biltegian dago jada, mantak eta neguko arropak astean bidaliko dira Bilbora

  Otsailaren 6an Ekialde Hurbila astindu eta egun gutxira hasi zen Hotz Oñati taldea kaltetutakoentzako laguntza bideratzen. Diru ekarpenetarako kontua aktibatzea izan zen lehen urratsa, eta oraindik ere dirulaguntzak eman daitezke, Bizum bidez nahiz Laboral Kutxako kontuaren bidez, Siria izena kontzeptu moduan jarrita. Pasa den astean berriz premiazko material bilketa egin zen: mantak eta neguko arropak, batetik, eta elikagaiak, bestetik. Bi ekintza hauek berehalako erantzun zabala izan zuten herritarren aldetik eta arropa bilketa, esaterako, eten egin behar izan zen hirugarren egunean, gainezka eginda.

  Jasotako guztia kaxetan prestatu zen eta 12 pallet bete manta, txamarra, txapel eta eskularru daude Bilbora eramateko. Astean bertan egingo da garraioa DYA Bizkaiaren biltegiraino, hau arduratuko baita Oñatin eta beste herri batzuetan batutakoa lurrikarek kaltetutako eremuetara helarazten.

  Ostiralean berriz, premiazko elikagaien bilketa egin zen eta 3.200 kilo janari batu zen. Janaria atzo bertan eraman zen Zaporeak GKEk Martutenen duen biltegira. Hotz Oñatirentzat ezaguna den elkartea arduratuko baita elikagaiak Siria eta Turkia arteko mugara helarazten.

  Hotz Oñatik parte hartu duten herritar guztiei eskerrak eman nahi dizkie erakutsitako eskuzabaltasunagatik. Gaur arratsaldean ere elkartasunerako aukera berria izango dugu plazan, Parrokiako Misio taldeak egingo duen txokolatadan lortutako dirua lurrikarek kaltetutakoei laguntzera bideratuko baita.

  Hori guztia, Mediterraneoko Sismologia Zentroak beste bi lurrikara gogor izan direla jakinarazi eta biharamunean. Atzo, Ritchter eskalako 6,4 eta 5,8 graduko bi lurrikara berri gertatu baitziren Turkiako Hatay probintzian eta Siria iparraldean. Astingu berri hauen ondorioz hainbat pertsona hil eta zauritu direla jakinarazi dute tokian tokiko agintariek. Gogoratu kaltetuei laguntzako diru ekarpenak jasotzen jarraitzen duela Hotz Oñati taldeak Laboral Kutxan duen kontuaren bitartez.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!