110.000 eurotik gora banatu ditu Udalak ostalaritza sektorera zuzendutako azken dirulaguntza deialdian
Covid-19aren intzidentzia murrizteko helburuz agindu zen ostalaritza eta jatetxeetako establezimenduen azken itxiera, azaroaren 6an. Berehalako agindu horrek eragindako kalteak arintzeko bi dirulaguntza programa jarri zituen martxan Udalak: ostalaritza sektoreko enpleguari eta jarduerari eusteko helburua zuten ez ohiko laguntzak; eta ostalaritzako jarduera ekonomikoa Covid-19ari aurre egiteko presta zedin inbertsio eta ekipamenduetarako laguntzak. Biak eskatzeko epea abenduaren 23an amaitu zen eta jasotako eskaera guztiak onartuta, ordainketa gehienak ere eginda daude.
Enpleguari eta jarduerari eusteko dirulaguntzetarako 45 eskaera aurkeztu ziren udaletxean eta guztira, 87.000 euro banatu dira. Laguntza hauek langile kopuruaren arabera eman dira eta 1.600 eta 2.400 euro artean jaso dute ostalaritza lokaletako jabeek.
Jarduera ekonomikoa prestatzeko inbertsio eta ekipamenduetarako dirulaguntzei dagokienean, 18 eskaera bideratu ziren. Gehienak, establezimendu kanpoko terrazak egokitzeko inbertsioak izan dira, baina izan da segurtasun eta osasun protokoloetara egokitzeko inbertsioak edota bezeroekin eta hornitzaileekin lan harreman berrietara egokitzeko egin beharrekoak ere. Ekipamendu eta inbertsioetan egindako gastua arintzera 26.232 euro bideratuko ditu Udalak. Halako hamaika eskaera ordaintzeke daude oraindik, baina astebeteko epean likidatzea aurreikusten dute udal arduradunek.
Itxierara eta berriro irekitzeko moldaketak egin behar izatera egun batetik bestera egokitu beharrean izan ziren ostalariak, eta horretan, ahalik eta azkarren laguntzen saiatu zirela adierazi du Xabier Igartua Loidi Sozioekonomia batzordeburuak.
Ostalaritza sektorera bideratutako azken dirulaguntza deialdi hauetan 113.232 euro banatuko ditu Udalak.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!