Oñatiko udala

109 eskaera jaso dira auzo taxi zerbitzua erabili ahal izateko

2016/06/01
Card image cap
Erabiltzaile txartelak egiteko, argazkiak eraman behar dira udal bulegoetara ostiralera bitartean

  109 eskaera jaso dira auzo taxi zerbitzua erabili ahal izateko baina bat atzera bota da, eskatzailea ez baitago baserrian erroldatuta. Gainontzeko 108 erabiltzaileen txartel pertsonalak egiteko argazkia eraman dezatela eskatu zaie. Argazkiak udaletxeko sarreran utzi behar dira, baina  ez nahasteko, irudiaren atzealdean, izen abizenak eta helbidea jartzea eskatu da. Aldi berean, eskatzailea adin txikikoa den kasuetan, guraso edo tutorearen baimen orria betetzea eskatu da. Orri hori, udal bulegoetan eskuratu eta bete ondoren bertan utzi beharko da.

  Herriko auzo guztietatik iritsi dira auzo taxi zerbitzua erabiltzeko eskaerak, baita Zubillaga edota Olabarrietatik ere. Lurraldebuseko autobusak bi auzo hauetatik pasatzen diren arren, geltokitik 350 metro baino distantzia handiagora bizi diren auzotarrek, auzo taxia erabili baitezakete.

  Auzo taxi zerbitzua, erabiltzaileen txartelak gertatu bezain pronto jarriko da martxan, ekaineko bigarren edo hirugarren astean. Zerbitzua erabili nahi duenak, txartelean bertan agertuko den telefono zenbakira deituta eskatu beharko du, beti ere, 24 orduko aurrerapenez. Dagokion taxi gidaria, eskatutako ordurako baserrira joango da eta bidaia eginda, erabiltzaileak 2 euro ordainduko dizkio. Taxi gidariak, egin duen bidaiaren albarana bete beharko du ondoren, erabiltzailearen txartel zenbakia, bidaiaren nondik norakoa eta data zehaztuz. Hile akaberan, taxilari bakoitzak egindako bidaia-albaranak aurkeztuko ditu udaletxean eta zerbitzuen ordaina jasoko du.

  Auzo taxi zerbitzua, astelehenetik larunbatera eskainiko da. Domeka eta jai egunetan eta abuztuan ez da zerbitzurik emango. Ordutegia ere mugatu da: astelehenetik ostiralera, 7.30tatik 20.00tara eta larunbatetan, 9.00-14.00 egongo da erabilgarri.  

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!