108 haur geratu dira udaleku irekietatik kanpo
Asteazkenean egin zen udaleku irekietan aurten izango diren 400 plazen esleipen-zozketa eta berehala hasi ziren familiei posta elektronikoz jakinarazten zein haurrek lortu duten plaza. Ez da itxaron zerrendarik osatu, izena emandakoek parte hartu nahi zutela ulertzen delako, alegia, plazari uko egiterik ez delako aurreikusten. Gainera, bi edo hiru izen zituzten eskaerak bakar moduan hartu ziren eta ondorioz, plaza eskaerako guztiek lortu dutelako edo inork ez. Plaza lortu ez duten haurren familiei ordaindutako matrikula automatikoki itzuliko die udalak, datozen egunotan.
Bitartean, udaleku irekien prestakuntzak aurrera darrai. Koordinatzaileak lanean ari dira eta begiraleekin egingo dituzten formazio saioetarako egunak finkatu dituzte, maiatzaren 29an eta ekainaren 12an izango dira. Formazio saio hauetara joatea derrigorrezkoa izango da. Begirale izateko hautagaiek agiri bidez egiaztatu zituzten merituen puntuazioa eginda dago eta horien araberako behin behineko zerrendak laster kaleratuko direla jakinarazi dute udal arduradunek. Zenbat begirale kontratatuko diren ez da zehaztu oraindik, Covid-ari aurre egiteko unean uneko neurrien arabera finkatuko baita.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!