104 pertsona pasatu dira hilabeteotan Larrañako harrera egoitzatik

2019/03/01
Card image cap
22 nazionalitatetako lagunak artatu dituzte, gehienak Saharaz hegoaldetik etorritakoak

  Iazko urri erdialdean ireki zenetik, 22 nazionalitatetako 104 asilo-eskatzaile artatu dituzte Larrañako harrera-zentroan. Atzo bisita izan zuten, egoitza sostengatu eta kudeatzen duten Eusko Jaurlaritza eta CEAR-Euskadiko ordezkariak hurbildu ziren eta komunikabideetako kazetari eta argazkilariekin bisita gidatua egin zuten. Bide batez, orain arteko ibilbidea baloratu zuten.

  Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetzaren idazkari nagusi Jonan Fernandezek Larrañako egoitzaren egunerokotasun normalizatu, lasai eta egokia azpimarratu zuen, eta erakunde, boluntario eta bizilagunen inplikazio eta lankidetza nabarmendu zituen. Oñatiko harrera etxea harrera eta integraziorako praktika onen leku bihurtu dela esan zuen Fernandezek, baina zoritxarrez halako berri onak ez direla albiste gure egungo gizartean.

  CEAR Euskadiko zuzendari Patricia Barcenak ere zentzu berean berba egin zuen eta Larraña etxearen bueltan sortu den harrera-eredu positiboa bereziki txalotu zuen. Zentroaren lan-dinamikak herriaren, boluntarioen, udalaren eta beste eragile batzuen inplikazioarekin nola koordinatu daitekeen erakutsi dela azpimarratu zuen eta horrek harrera-zentroan dauden pertsonen integrazioa arintzen duela gaineratu zuen. Baina Oñatira datozen lagunak asilo- eskatzaileak direla ez da ahaztu behar, alegia, euren egoera argitzen den bitartean eta aldi baterako etortzen direla.

  Larraña etxeko zuzendari Arantza Cachonek elkarbizitza esperientzia aberasgarria gertatzen ari dela esan zuen. Etxean  jatorri eta kultura anitzetako pertsonak, familia egoera eta adin ezberdinak dituztenak elkarrekin bizi direla azaldu zuen eta elkarrekin ikasi eta laguntzeko esperientzia aberatsa dela esan zuen.

  Larrañako egoitzan 83 lagun bizi dira gaur egun. Gehienak, 20-30 urte bitartekoak eta Saharaz hegoaldetik etorritako gizonak dira. Badira ordea, adin txikikoak dituzten hiru familia eta bikote bat ere.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!