"100 udal eta hamaika gehiago" ekitaldia antolatu du UEMAk, mankomunitatera 100. udalerria batuko dela ospatzeko

2023/03/15
Card image cap
Oñatiarrak ekitaldian parte hartzera gonbidatu ditu Udalak

  Martxoaren 25a mugarria izango da UEMAren historian. 100 udal izatera iritsiko da, eta behin zenbaki biribil horren langara helduta, ekitaldi handia egingo du Azpeitiko Soreasu Antzokian. Udal horien guztien lana eta udalerri euskaldunen garrantzia ez ezik, euskarari eusteko eta euskara biziberritzeko herri hauek egin duten ahalegina ikusaraztea eta omentzea da ekitaldiaren helburua.

  Ilaski Serrano eta Antton Telleria kazetariek aurkeztuko dute ekitaldia, eta oholtza gainean zuzenean ariko dira Ines Osinaga eta Estitxu Pinatxo musikariak, Elene Carreto eta Ioar Labat dantzariekin, Jon Maia bertsolari eta musikariarekin edota Imanol Epelde irakasle, musikari eta youtuberrarekin batera, besteak beste.

  Ekitaldia UEMAko herritarrei zuzenduta dago eta oñatiarrak bertaratzera gonbidatzen dituzte udal arduradunek. Taldetxo bat osatu eta denak elkarrekin joatea da asmoa, gainera, gutxieneko kopurua biltzen bada, mikrobus bat jarriko du Udalak Azpeitira joateko. Izena lehenbailehen ematea eskatzen da, euskara teknikariarekin, Xabier Zabaletarekin, harremanetan jarrita: udaletxera telefonoz deituz (943 78 04 11) edo mezua bidalita (euskera@onati.eus).

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!