Oñatiko udala

10 lagun aurkeztu dira orain arte uda kanpainan kirol begirale izateko

2018/04/12
Card image cap
Izen-ematea bihar 14:00tan amaituko da

  22 jarduera ezberdin eskainiko dira aurten uda kirol kanpainan. Ia ohikoak diren tenis, igeriketa, eskalada, golf, montain-bike, zunba, patinaje, xake edota multikirolaz gain, aurten lehen aldiz, K-Stretch, yoga eta pilates eskainiko dira. Jarduera horietan parte hartzeko behin-behineko izen- ematea datorren astean egin beharko da baina udalak dagoeneko martxan du aldi baterako kirol begiraleak kontratatzeko prozedura. Bihar amaitzen begirale izan nahi dutenentzat izen-ematea. 

  Aldi baterako lanpostu hauetara aurkezteko oinarrizko hiru baldintza bete behar dira: kirolarekin erlazionatutako formakuntza akademikoa izatea, euskaraz ondo berba egitea eta sexu delitugileen erregistro zentraleko agiri negatiboa aurkeztea. Eskalada indoor eta patinajea begirale izateko gainera esperientzia eskatzen da.

  Udalak ekainaren 25etik uztailaren 20ra arteko lan kontratua eskaintzen du. Hilabete eskaseko tarte horretan bete beharreko lanaldia, udalak ezartzen duen zerbitzuaren araberakoa izango da. Halaber, hautatzen diten lagunek zerbitzua antolatu eta azken ebaluazioa egiteko saioetara joan beharko dute, ekainaren 13 eta uztailaren 20an. Tenis, mini-tenis, patinaje eta eskalada emango duten begiraleek gainera, 3 orduko formakuntza saioa egin beharko dute uda kanpaina hasi aurreko astean.

  10 lagun aurkeztu dira orain arte uda kanpainan kirol begirale izateko. Baina azken orduan eskaera gehiago jasotzea espero da. Hartarako epea bihar 14:00tan itxiko da. Eskaerak eta bertan adierazten diren titulu eta merituen egiaztagiriak, nortasun agiriaren kopiarekin batera udal bulegoetan aurkeztu behar dira. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!