Oñatiko udala

Zumarragarako autobus konexioa ordu erdiro mantenduta baina Bergara eta Eskoriatzarekin lotura zuzena galduta, erabateko konformidaderik gabe itzuli ziren udal ordezkariak Lurraldebuseko arduradunekin egindako bileratik

2017/09/14
Card image cap

  Lurraldebuseko  zerbitzua egokitzeko asmoz ekainean egin zen bilerak segida izan zuen asteartean. Eskualdeko udal arduradunak Marisol Garmerdia, Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako foru diputatuarekin batzartu ziren orain hiru hilabete jasotako iradokizunak aztertuta Debagoieneko zerbitzuak nola geratuko diren azaltzeko.

Ekaineko bileran Debagoiena eta Zumarraga elkar lotzen dituen zerbitzu zirkularraren maiztasuna handitzea proposatu zen. Irati Etxeberria zinegotzia neurri horren kontra agertu zen, Oñatiko bidaiariak bereziki kaltetuko liratekeelako. Erdi mailako aldaketa bat egitea erabaki da: zerbitzu zirkularraren ordez  bi zerbitzu lineal jarriko dira, Arrasate-Oñati-Zumarraga batetik eta Arrasate- Bergara-Antzuola-Zumarraga bestetik. Linea moztuta maiztasuna mantentzea posible izango da eta Zumarragara eta ondorioz trenerako lotura egiteko aukera emango duen autobus zerbitzua ordu erdiro izango da Oñatin. Alde horretatik pozik agertu da Irati Etxeberria udaletik egiten zen eskaera nagusia betetzen delako. Baina egungo linea zirkularra desagertzean Oñatik Bergara eta Aretxabaleta-Eskoriatzarekin zuen lotura zuzena ere desagertuko da. Aurrerantzean, San Prudentziora joan beharko da baterako edo besterako autobusa hartzeko. Konponbide hori negatiboki baloratu du hirigintza eta zerbitzuak departamentuko batzordeburuak. Mankomunitatearen egoitzan asteartean egin zen bileratik zapore gazi-gozoarekin irten zela adierazi digu Irati Etxeberria zinegotziak.

  Lurraldebuseko autobus zerbitzu berria urriaren 2an sartuko da indarrean. Orduan gauzatzen diren aldaketen balorazioa egiteko bilera bestalde, martxorako hitzartu dute. Aurretik bestelako neurririk hartzen ez bada Oñatiko udalak jaso dituen kezkak berriro gogoraraziko zaizkie Foru Aldundiko arduradunei orduan. Ekaineko bileran  egindako hiru eskaerak hauek dira: San Prudentzioko geltokia bereziki zaintzea, Madalenako geltokia ondo seinaleztatzea eta Olabarrietan autobusak geltokira sartzea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!