Oñatiko udala

Zaporeak elkarteak esne bilketa kanpaina egingo du Hego Euskal Herrian

2021/03/12
Card image cap
Oñatin astelehen eta asteartean egingo da

  Zaporeak GKEak esne bilketa kanpaina abiatuko du larunbatean Gipuzkoan, eta hurrenez hurren, bi astero Hego Euskal Herriko lurralde guztietan, Bizkaian amaituz apirilaren 24ean. Iraungitze data luzeko eta brik-ean dagoen behi esne osoa jasoko da. Printzipioz, herrialde bakoitzean egun bakarrean egingo da esne eta diru bilketa. Hori printzipioz, Oñatin, Gipuzkoarako zehaztu den martxoaren 13tik haratago, datorren astean, astelehen eta asteartean egingo baita.

  Donostian eta Gipuzkoako beste hainbat herritan martxoaren 12-13an egingo da esne bilketa. Eskualdean, Antzuola, Aretxabaleta eta Arrasaten egingo da. Oñatin MUko MyGade-ko ikasle talde batek antolatu du bilketa eta datorren astelehen eta asteartean egingo dute enpresagintza fakultatean.

  Martxoaren 27an Araban egingo da bilketa, apirilaren 10ean Nafarroan eta 24an Bizkaian, esan bezala.

  Hego Euskal Herrian batzen den esnea Lesbosera bidaliko da, bertan dagoen Kara Tepe esparruko errefuxiatuen artean banatzeko. Helburua da, gutxienez hiru hilabetetan zehar, astero, fruta eta esnea banatzea errefuxiatuei. Banaketa osagarria izango da, Zaporeakek janaria kuzinatu eta banatzen jarraitzen baitu Kara Tepeko errefuxiatuen esparruan. Moriako sutearen ondoren lan egiteko modua berrantolatu behar izan du GKEak. 5 hilabete hauetan, egoerak okerrera egin du esparruetan eta Covid-19a tarteko, pertsona errefuxiatuen elikadura premiak areagotu egin dira. Horregatik kuzinatutakoaz gain lehorreko banaketari ekin zioten. Abendutik martxora, hilean behin elikagai lehor sorta banatu diete Kara Tepeko 7.200 errefuxiatuei. Aurrerantzean, esnea eta fruta helarazi nahi diete astero, kanpalekuko biztanleek duten gabezia nutrizional handia pitin bat osatzeko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!