Urtebetez luzatuko da herriko lorategi eta berdeguneen mantentze zerbitzu kontratua

2020/11/10
Oñatiko lorategiak ABEErekin udalak duen kontratuan aurreikusitako azken luzapena da

  2015eko urriaren 27an sinatu zuen udalak  Enviser  eta Sercom enpresen UTEaz osatu zen Oñatiko lorategiak ABEErekin Oñatiko lorategi eta berdeguneen mantentze zerbitzuaren kontratua. Lau urterako kontratua beste bi urtez luzatzeko aukera jaso zen hitzarmenean eta ondorioz, orain onartu berri dena, bigarren eta azken luzapena da; 2021eko urriaren amaieran beteko da.

  Orain bost urte sinatu zen kontratuan herriko berdegune, parke, lorategi eta zuhaizti publikoen mantentze, iraunarazte, birjarpen eta hobekuntza zerbitzua bateratu zituen udalak. Mantendu beharreko azalera handia da, 245.000 m2-koa eta eremuak berriz, ugari: Oñatiko berdegune publiko guztiak, kiroldegiko igerilekuko kanpoko berdegunea, San Martin eta Santa Lutzia zuhaiztiak eta Usako. Behar denean gainera, udal hilerriko lorezaintza-lanetan laguntza ere eskaini behar du Oñatiko lorategiak enpresak.

  Orain arte betetako lanak ontzat jo dira eta zerbitzuaren kontratazio berri bat martxan jarri eta gauzatu bitartean, 2015eko kontratua azken urte batez luzatzea erabaki du udalak.

Iturria: Oñati Irratia

San Martin zuhaiztia