Urtarrilaren 13an Bilbon egingo den manifestaziora joan-etorria egiteko autobusak antolatu ditu Sarek

2018/01/05
Txartelak saltzen hasi dira gaur

  Prest gaude lelopean, giza eskubideak, konponbidea eta bakea aldarrikatuko da beste urte batez Bilboko kaleetan, hilaren 13an. Manifestazioa 17:30tan hasiko da La Casillan, eta bertara joan-etorria egiteko autobusak antolatu dira Oñatitik. Sare taldekoak goizean hasi dira autobus txartelak saltzen Kale Barrian, Kutxa parean dagoen lokalean. Hilaren 11ra arte egunero izango da autobus txartelak erosteko aukera, gaur 18:30tatik 20:30tara eta datorren astean, astelehenetik ostegunera, 11:30tatik 13:30etara eta 18:30tatik 20:30tara. Gainera, asteburuan, goizeko ordutegian egongo dira Kale Barriako lokalean.

  Urtarrilaren 13rako egun osoko egitaraua antolatu da Bilbon; goizeko 11:15etatik gauera arte hitzaldiak, kale animazioa, haurrentzako ikuskizuna, bertso saioa eta kontzertuak izango dira, manifestazioaz gain. Horregatik, goizean joateko nahiz arratsaldeko manifestaziora joateko autobusak izango dira Oñatitik.

  Iaz 7 autobus bete ziren Oñatin presoen giza eskubideen aldeko manifestaziora joateko.

Iturria: Oñati Irratia