Ur Zerbitzuaren Ordenantza Erregulatzailearen aldaketa eta herriko kirol taldeek eta entitateek antolatutako ez-ohiko ekintzetarako diru-laguntzak emateko arautegia aztergai izango dira arratsaldeko Osoko Bilkuran.

2014/01/30

  Ur zerbitzuaren ordenantza erregulatzailea aldatzea proposatuko da gaurko bilkuran; kontsumo tarteak etxebizitza bakoitzean erroldatuta dauden pertsona kopuruaren arabera kalkulatu eta kobratzea proposatuko da. Gipuzkoako ur kontsortzioak, aldaketa honek ekarriko lituzkeen gora beheren kalkulua egin zuen. Kalkuluak egiteko modu berri honek ez du diru bilketan aparteko eraginik izango eta orokorrean, orain arteko diru kopuru bertsua batuko da. Baina tarifak arrazionalizatu egin nahi dira, etxe bakoitzean bizi direnen kopurura egokituta;  hiruhilabetero 25 metro kubikoko kontsumoa izanagatik ez baita berdina kontsumo hori pertsona bakarrak egin edo bi-hiru-lauren artean egin. Egokitzapen hori egin eta ur tarifak kontsumo kantitatera ez ezik, etxebizitzan erroldatuta dauden pertsona kopurua kontutan hartuta baita ere kalkulatzea proposatuko da.

  Herriko kirol taldeek edo entitateek antolatzen dituzten ekintzetarako diru laguntzak nola banatu arautuko dituen oinarriak azaldu eta onartzea proposatuko da arratsaldeko Osoko Bilkuran. Hile hasieran jada, kirol arduradunak arloan diharduten talde eta kolektiboetako ordezkariekin elkartu ziren diru laguntza hauek arautzeko asmoa azaldu eta oinarrizko arautegian zein puntu jaso beharko liratekeen eztabaidatzeko. Arautegia osatu da eta horixe jakinaraziko da arratsaldeko bileran, esan bezala.

  Baina aipatutakoak ez dira aztergai bakarrak izango. Atzo aurreratu bezala Oñatiko Udala eta Bidegiren artean udal erroldaren datuak egiaztatzeko lankidetza-hitzarmenaren berri ere emango baita gaurko bileran. Errolda kontuekin jarraituz, 2013ko urtarrilaren 1eko dataz eguneratutako errolda datu ofiziala onartzea ere proposatuko da. 2014ko urtarrila amaitzear dagoen arren, oraindik, ofizialki ez da onartu iazko urte hasierako udal errolda datua. Estadistiken institutuak eguneratzen duen datua da eta eta oso atzeratuta jakinarazten dena. Baina edozein kalkulutarako erabiltzen den datu ofiziala izaten da. Horretxeren berri esan bezala, arratsaldean emango da.

  2 mozio idatzi ere jaso dira 15 gaiko zerrendan: Emakumeen autonomiaren eta erabakitzeko eskubidearen defentsan bata, eta Auzitegi Nazioanalaren aginduz urtarrilaren 7ko 8 euskal herritarren atxiloketaren inguruko adierazpena bestea. Bi mozioak Bilduren eskutik iritsiko dira gaurko Osoko Bilkurara.

  Bilera, zuzenean eskainiko da Oñati irratian, arratsaldeko 7:30etik aurrera.

Iturria: Oñati irratia

Argazkia: Kontzejupetik aldizkaria