Ur hornidura sarea berritzeko lanek aurrera darraite Euskadi Etorbidean eta San Martingo zubi parean

2020/04/21
Osasun alarmak hala eraginda bizpahiru astez etenda egon dira

  Baina Gipuzkoako Urak kontratatuko enpresako langileak Oñatira itzuli ziren eta martxan zituzten bi lan eremutan lanean ari dira berriro.

  Euskadi etorbide parean lanak amaitzear daude. Ur hoditeria aldatu da eta estaltze eta espaloiak berregituratzeko lanetan ari dira. Erremate lanak egiten alegia. Baina proiektu honek duen zailtasun puntura iritsi dira, hau da, Bidaurretako errotonda parera. Izan ere, Euskadi etorbidetik datorren hoditeriak Garayneko finkaraino jarraitzen du eta errepidea zeharkatu eta lotura hori nola egin ikusten ari dira orain. Errotonda inguruan kata ezberdinak egiten ari dira, hodia nondik nora doan ikusi eta aldaketa lanak ahalik eta modu samurrenean, eta azkarrenean egiteko. Eperik ez dute zehaztu nahi, osasun egoera aldakor honetan segurtasunik ez dagoelako, baina litekeena da, datorren astean edo hurrengoan hoditeria aldatzeko lanak errotonda parean egiten hastea. Horrek trafikoan zein eragin izango duen zehaztuko dizuegu.

  San Martingo zubi pareko lanak ere aurreratuta daude, hornikuntza hodi bat aldatzea bakarrik falta da eta gauzak ondo, horixe berrituta presio probak egiten hasiko dira, aste honetan bertan. Hala bada, konexio probak egitea izango da hurrengo pausoa.

  Euskadi etorbidean eta Roke Azkunetik San Martin zubira arteko tartean, edateko uraren hoditeria berritzeko lanak egiten ari da Gipuzkoako Urak enpresa.

Iturria: Oñati Irratia