ULMA Taldeak finantziazio bideak zabaltzen ditu "pagareak" merkaturatuz
ULMA Taldeak enpresako pagare jaulkipen programa bat erregistratu du Errenta Finkoko Merkatu Alternatiboan. Gehienez 50 milioi eurokoa izango da eta bide horretatik, taldea osatzen duten 8 negozioak handitu eta garatzeko finantziazioa lortuko du, orain arte ohikoak zituen banketxe edo Mondragon Taldearen finantza bideetatik haratago. Operazio honi esker, talde kooperatiboak 100.000 euroko balio nominala izango duten pagare jaulkipen indibidualak atera ahal izango ditu, 24 hilabetera arteko amortizazio epeekin.
Ordaindukoen edo Pagareen jaulkipen programa hau ULMA taldearen finantzaketa iturrien dibertsifikazio estrategiaren baitan kokatzen da, bere negozioak murgilduta dauden hazkunde prozesuari laguntzeko. Zentzu horretan, finantzaketa formula berritzailea da kooperatiben munduan, lehen aldia baita kooperatiba batek finantzaketa modalitate hori garatzen duena kapital merkatuan. Elkarte anonimo eta mugatuetan ohikoa izaten da, ez ordea, kooperatiben artean.
Pagareen programa Banca Marchek koordinatu du eta iaz sortu zen ULMA INVERSIONESen bidez egingo da. Taldean integratu zen bigarren mailako kooperatiba sozietatea da Ulma inversiones izenekoa.
8 negoziok osatzen dute egun ULMA taldea. 80 herrialde baino gehiagotan dago presente eta 4.500 langile ditu. Iazko ekitaldia 671 milioi euroko produktu eta zerbitzu salmenta bateratuekin itxi zuen. Aurten berriz, bere salmenta bolumena %8 haztea aurre ikusten du, 725 milioi eurora iritsiz. Gero eta testuinguru lehiakorragoan, ULMAk kalitatezko 600 enplegu sortu ditu azken urteotan, inguruarekin duen konpromisoari eutsiz. Hori horrela, nagusiki, kualifikazio tekniko handiko profiletan oinarritutako hautaketak egingo ditu taldeak etorkizunean, negozio jarduera ezberdinen sorrerari eta garapenari aurre egin ahal izateko.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!