Ulma Packaging-ek hainbat handitze lan egingo ditu bere instalazioetan

2018/07/04
Garibai 28ko pabiloian eraikigarritasuna handitzea eskatu da eta Goribar 10ean termozigilatze jarduera handitzeko baimena

  Ulma Packaging kooperatiba zabaltze prozesuan dago. Orain hilabete batzuk Goribar auzoan ireki zuen termozigilatze negozioa, hasi eta berehala handitu beharrean izango zirela aurreratu zuten, eta halaxe gertatu da. Jarduera handitzeko udal baimena eskatu da eta horren berri ematen duen iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu da gaur, alegazioetarako 15 eguneko epea irekitzen dela jakinaraziz.

  Baina aldi berean, eraikin berri horren parean-edo dagoen eraikin zaharra, Garibai auzoko 28 zenbakian dagoen pabilioia, handitzeko baimena ere eskatu da. Kasu honetan ez da eraikin berririk jasoko, baizik eta gaur egungoaren eraikigarritasuna handituko da, solairuarte edo entreplanta bat eginez. Aldaketaren helburua Dolaetxe areako egungo eraikigarritasuna 1200 m2-tan handitzea da. Eraikigarritasuna eraikin barruan gauzatuko da, solairuartekoak eraikita. Bulegoetara bideratuko da aurreikusitako azalera berria eta faseka eraikiko da.

  Orain aste batzuk udal bulegoetan aurkeztutako asmoaren arabera 580 m2 eraikiko dira lehen fasean. Oinarri proiektua da udaletxean jaso zena eta gobernu taldeak instalazioak handitzeko baimena eman badu ere, aurrez, exekuzio proiektua aurkeztu beharko duela jakinarazi zaio kooperatibari.

Iturria: Oñati Irratia