Udaltzaingoak herritarren lankidetza eskatu du txakur kakak jaso gabe kaleetan, belardietan uzten dituzten txakur jabeak identifikatu ahal izateko.

2014/03/05

  Udal mailan badago animaliak egoki zainduta egon daitezen eta aldi berean hauek auzotarrei eragozpenak ez sortzeko ordenantza berezi bat: “Animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen udal ordenantza” alegia. Honek, animaliak ez ezik, auzotarrak ere babesten ditu.

 Ordenantza horren haritik, udalak hainbat herritarren kontrako prozedurak hasi dituela azaldu genizuen pasa den astean. Herritar baten kale katuei jaten emateagatik edo bi txakur jabek, animalia inolako zaintzarik gabe libre uzteagatik udalaren isuna jaso dezakete.

  Baina udal ordenantza horretan animalien gorotzak batu behar direla ere jasotzen da. Hori, dena den, ez da beti gertatzen. Horretxegatik, araua urratzen dutenak identifikatzeko herritarren laguntza eskatu du udaltzaingoak. Herritarrari ez zaio auzokoa salatzea eskatzen bai ordea, txakurrarekin zein ordu tartetan eta zein ingurutan ibiltzen den jakinaraztea, baldin eta jabeak txakurraren kakak jasotzen ez baditu. Nondik eta noiz ibiltzen den jakinda udaltzainek ingurua zainduko dute eta halakorik gertatzen dela ikusiz gero udal ordenantzaren berri emango zaio txakur jabeari. Abisuaren ondoren, gorotzak ez jasotzen jarraitzen duela ikusiz gero, orduan bai, zigortzeko prozedura abiatuko da. Animalia gorotzak ez jasotzea arau urratze arina da udal ordenantzetan eta horregatik 30 eta 300 euro bitarteko zigorra jarri daiteke.

  Ahal dela isun ekonomikoa jartzera iritsi gabe, jokaera desegokia dela jakinaraziz txakur jabeak kontzientziatu nahi dira eta herriko kale eta bereziki berdeguneetan geroz eta ugariagoak diren txakur kakak gutxitzea lortu nahi da. Arazoa seguruenetik ez da guztiz konponduko baina arintzea lortu nahi da. Horretarako, esan bezala, herritarren laguntza, lankidetza eskatzen da udaltzaingotik.

Udaltzainekin harremanetan jartzeko telefono zenbakia: 943 08 10 00 da.

Iturria: Oñati irratia