Udaleko Gazteria Departamentuak ia 15.000 euroko diru laguntza jasoko du Foru Aldunditik

2016/11/30
Haur eta gazteentzako planak eta jarduerak garatzeko lankidetza konpromisoari jarraipena ematen zaio horrela

  Laugarren urtea da, gazteria arloko plangintza zehaztu eta kudeaketa elkarrekin adosten dutela bi erakundeek. Hala, haur, nerabe eta gazteei herrian eskaintzen zaizkien zerbitzuak osatu eta sakontzeko Foru Aldundiaren  diru babesa jasoko du Gazteria Departamentuak. Konkretuki, 14.679 euro bideratuko dira Donostiatik Oñatira. Era berean, aholkularitza tekniko zerbitzua ere eskaintzen du Diputazioak.

  Baina lankidetza konpromiso hau Oñatitik Gipuzkoarako norabidean ere osatzen da. Izan ere, Oñatiko gazteria teknikariak Gaztematikan, Gipuzkoako haur, nerabe eta gazteen sustapen sisteman ere aktiboki parte hartzen baitu. Une honetan hain zuzen ere, Gaztematikako batzorde iraunkorreko partaide da.

  Gaztematikak, Gipuzkoako udaletako gazteria departamendu ezberdinen arteko elkarlanerako marko bateratua diseinatzea du helburu. Gipuzkoako udalen errealitatea askotarikoa da bai duten dimentsioari dagokionean baita sustapen arloan duten egitura eta eragileen garapen mailari dagokionean ere. Baina ahal dela, udal handi eta txikiak, baliabide eta azpiegitura konplexu nahiz oinarrizkoak dituztenak, paretsu jartzea da asmoa, Gipuzkoako haur, nerabe eta gazte guztiek antzerako aukerak izan ditzaten. Horretarako, tokian tokiko esperientziak oinarrizko informazio iturri izaten dira, batzuen eskarmentutik guztiak aberastu daitezen. Baina horrek, aldian aldiko bilera eta foroak antolatzea eskatzen du eta jarraipen batzordeak izendatzea ere bai. Une honetan, esan bezala, Oñatiko gazteria teknikaria Gaztematikako batzorde iraunkorreko kide da.

Iturria: Oñati Irratia