Udaleko Berdintasuna eta Partaidetza teknikariek aurkeztutako proiektua hautatu dute Bherria egonaldirako

2020/03/09
“Emakumeen parte-hartze soziopolitikorako lankidetza” egitasmoak Oñatiko Emakumeen kontseilua eta Emakumeen etxea uztartzen ditu

  Bherria bestelako lankidetza publikosozialak bilatu eta sustatzeko helburuz sortu zuten Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eta Boluntariotzaren Euskal Kontseiluak. Lankidetza mota horien ezaugarriak, irekitasuna, parte hartzea eta partekatutako erantzukizuna da.

  Bherriak, lankidetza publiko-sozialak partekatzeko topaketa eredu ezberdinak burutu ditu aurreko urteetan. Orain, bi eguneko egonaldia antolatu du herritarren aktibazio-prozesuak sendotzeko topagune eta lantoki gisa. Bertan, Oñatiko udaleko bi teknikarik parte hartuko dute berdintasunaren alorrean herrian garatzen ari den proiektu baten berri emanez. Emakumeen parte hartze sozio-politikorako lankidetza da aurkeztu den egitasmoaren izenburua eta Emakumeen kontseilua eratzeko jarraitu zen prozesu parte-hartzailea eta etorkizuneko Emakumeen etxea eratzeko osatzen ari den ibilbidea jasotzen du.

  Berdintasuna eta Partaidetza teknikariek Oñatiko esperientziaren berri emango dute Bherria egonaldian. Baina aldi berean, beste esperientzia eta metodologia batzuetatik ikasteko asmoz doazela adierazi digute. Gai eta garapen prozesu ezberdinean dauden 20ren bat proiektu hautatu dituzte Bherria egonaldirako eta elkarren artean partekatu ez ezik, elkarri komunikatu eta besteen esperientzietatik ikasteko, iradokitzeko, sareak eraikitzeko topagune izatea lortu nahi dute antolatzaileek.

  Martxoaren 12eta 13an, ostegun eta ostiralean Bilbon gauzatuko den Bherria egonaldia administrazio publikoko teknikariei zuzendu zaie, eta hiru lan ardatzetan landutako proposamenak jorratuko dira ekimenaren jatorriari eta beharrari erreparatuta. Administrazioaren ekimenez abiatutakoak baina herritarren parte-hartze prozesuak eta boluntariotzaren sustapena indartzea helburu dutenak aztertuko dira, udal arlo ezberdinen arteko koordinazioa nola egin landuz; erakunde sozialen edo herritarren ekimenez sortutakoak eta udalei behar duten laguntza emango dieten estrategia eta baliabideei arreta emango zaie; eta hirugarrenik, administrazio publiko eta herritarren ekimenez sustatutakoak, gizarteak dituen erronka berriei erantzun eraginkorragoak emateko helburuz.

  Ez da lehen aldia Oñatiko udal teknikariek Bherria egitasmoan parte hartzen dutela, 2018 eta 2019an garatutako BherriLab laborategian jada egon zen Partaidetza teknikaria. Baina orduan ez zen aurrez proiekturik aurkeztu behar, oraingoan bai, propio landu eta presentatutako lan baten gainean hautatuak izan dira.

Iturria: Oñati Irratia

Emakumeen kontseilua eratzeko bileretako bat