Oñatiko udala

Udalaren diru-kutxaren egoeraz oso arduratuta dago EAJ

2018/12/27
Card image cap
Gobernuaren plangintza ekonomiko ezak udalaren kontuen etorkizuna urte askotan zailduko duela diote jeltzaleek

  2019rako EH Bilduren udal gobernuak sortutako zorpetze maila ikusirik, EAJren udal taldea oso arduratuta dagoela adierazi du prentsa ohar bidez. Kiroldegiaren berrikuntza lanen beharra babesten dute jeltzaleek baina EH Bilduren aurreikuspen falta gogor kritikatzen dute.

  2019ko udal aurrekontuen kopuru nagusiak laburbilduz, 22,3 milioiko aurrekontua onartu dela gogoratzen dute jeltzaleek oharrean, baina diru sarrerak 16,24 milioi izango direnez, 6,06 milioiko kreditua kontratatzea aurre ikusten dela gaineratzen dute. Kiroldegiko eta Olaitturriko obrak amaitzeko 2020-2021 urteetan beste 5 milioiko maileguak beharko direla dio EAJk, udalaren aurrekontuak hainbat urtetarako hipotekatuz, eta horrek herritarrek behar dituzten hainbat inbertsioren bideragarritasunari eragingo diola. Aurretik funts edo fondoen erreserbarik egin gabe, udal kutxan defizit gogorra sortuko duela diote jeltzaleek, eta prebisio horren falta salatzen dute, kiroldegiko birgaitzearen gaia, agintaldi osoan presente egon denean.

  Kiroldegiaren berrikuntza lanen beharra eta igerilekuaren handitzeari lehentasuna ematea ikusi eta babesten dute jeltzaleek, baina funtsen erreserba egin ez izanak, oñatiarrek eskatu eta behar dituzten beste hainbat inbertsioen bideragarritasunari eragingo diotela gaineratzen dute prentsa oharrean. Era berean, 2019ko aurrekontuek eragingo dtuen zorpetze egoera iritsiko zela aurreikusita, EAJren udal taldeak finantza plan bat egitea sarritan eskatu duela aipatzen da idatzian. Oñatiren etorkizuna urteetarako hipotekatuta geratuko dela azpimarratzen dute eta alkateak, prentsan egindako adierazpenak gezurtatzen dituzte, alegia, udalaren egoera ekonomikoa ezin hobea dela hainbat urtetako inbertsioen planari ekiteko adierazpena ez dela zuzena, datu ekonomikoek kontrakoa erakusten dutela diote jeltzaleek.

  2019ko udal aurrekontuekin erlazionatuta bestalde, atzo bertan argitaratu zen hasierako onarpen iragarkia  Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Horrek esanahi du udal bulegoetan ikusgai daudela eta hamabost laneguneko epea ireki dela gaur aurrekontu horiek aztertu eta erreklamazioak aurkezteko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!