Udalak, publizitaterik gabeko prozedura negoziatu bidez esleituko du, 150 argiontzi berri eta argiteria sistema adimenduna hornitu eta ezartzeko lana.

2014/10/28
Bihar amaitzen da proposamenak aurkezteko epea.

  Udalak, arloan diharduten hainbat enpresa gonbidatu ditu lizitazio prozeduran parte hartu eta beren eskaintzak proposatzera.

  Helburua, Zubillaga auzoan, Migelena izeneko industrialdean eta herri guneko beste kale batzuetan luminaria berriak eta argiteria sistema adimenduna jartzea da, esan bezala. Konkretuki, Zubillagan aldatu asmo diren luminariak auzunea eta errepide argitzen dutenak dira, Altuna Hermanos enpresa parean hasi eta Gelatzura bitartekoak hain zuzen ere. Migelena inguruan, Otadui zuhaiztian eta Bidebarrietan ere energetikoki eraginkorragoak diren luminaria berriak jarriko dira. Inguruan egin diren beste lan batzuk aprobetxatuz 12 argi aldatu dira baina 150 jartzea falta da. Aipatu 150 argiontziak eta hauek kontrolatuko dituen sistema adimenduna hornitu eta ezartzeko lana da orain lizitaziora atera dena.

  Lizitaziorako zehaztu den gehienezko prezioa 95.000 euro gehi BEZa da. Esleipen prozesura aurkezten diren enpresak beraz, muga-kopuru horren azpitik dauden proposamenak egin beharko dituzte. Kontutan hartuta gainera, eskaintza ekonomikoa erabakigarria izan daitekeela esleipena egiterakoan,  irizpide nagusia horixe izango baita. Proposamen teknikoak eta hobekuntzek, gehienezko 100 puntutik 40 eskuratzeko aukera ematen badute, proposamen ekonomikoak, 60 puntu lortzeko bidea emango du.

  Lanak egiteko epea ere mugatu da. Behin esleipena eginda, luminaria berriak eta argiteria sistema adimenduna ezartzeko lanak  8 asteren buruan egin beharko dira.

  Epe-muga hori, hein handi batetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak finkatu du. Honek, energetikoki eraginkorragoa den argiteria jartzeagatik, diru laguntza eman zion udalari baina beti ere, lanak, urte akabera baino lehen egiten badira. Diputazioaren diru laguntzak, kostuaren kasik erdia estaliko luke, ia 42.500 euroko diru laguntza agindu baitio udalari.

Iturria: Oñati irratia

Argazkia: Zubillagako industrialdea (google maps)