Udalak, kiroldegiko mantenu teknikari lanpostua betetzeko deialdia kaleratu du.

2015/02/09
Zapatuan ireki zen izen ematea, otsailaren 26an itxiko da. Langile berriak, %75aren lan jarduna izango du, dagoeneko horretan diharduen teknikariaren errelebu kontratua beteko baitu.

  Mantenu teknikari lanpostuaz ari garelarik , hautagaiek, elektrizitatea, igeltserotza, arotzeria, margoketa eta mantentze lan orokorrari dagozkion ezagutzak izan beharko dituzte. Ur eta fluidoen instalazioari dagozkionak izatea ere eskatzen da, igerilekuan ere hainbat kontrol eta mantenu lan egin beharko baititu: uraren analisiak, tenperatura eta hezetasuna neurtu eta dosifikagailuak kontrolatu eta arazoak konpondu, besteak beste.

  Lanpostura aurkeztu ahal izateko derrigorrezko bigarren hezkuntzan graduatua, Lanbide Heziketa I edo pareko titulazioa izatea eskatzen da. Bigarren hizkuntza eskakizunaren pareko euskara maila eta B motako gidabaimena ere izan behar da. Formazio eta ezagutzari buruzko baldintza horiezaz gain lan egoerari dagokion beste bat ere jarri da: langabezian egon edo epe jakinerako Oñatiko udalarekin kontratua izatea eskatzen baita. Horrek esanahi du, une honetan udal brigadan aldi baterako kontratatuta dauden langileak ere aurkeztu daitezkeela.

  Hautagaiek azterketa teoriko eta praktiko bana egin beharko dituzte. Froga teorikoan, lanpostuaren eginkizunekin erlazionatutako ezagutza teorikoak edota lan eskaintza iragarkian argitaratu den gaitegi batekin erlazionatutako galdera teorikoak erantzun beharko dira. Proba praktikoan berriz, lanpostuarekin zer ikusia dutenak egiten dakitela erakutsi beharko dute. Horrezaz gain, eta eskatutako ezagutza maila agiri bidez egiaztatzen ez duten hautagaiek euskara proba ere egin beharko dute.

   Merezimenduen atalean berriz, kiroldegiko mantenu teknikari lanpostuaren funtzioekin zerikusia duten lanetan esperientzia eta formazio osagarria izatea baloratuko da. 

  Kiroldegiko mantenu teknikari lanpostu honi dagokion baldintza plego osoa udaleko web atarian ikusgai dago "Lan eskaintza publikoa" atalean edo udal bulegoetan eskuratu daiteke. Lanpostura aurkeztu ahal izateko eskaera ere, bertan, udal bulegoetan aurkeztu behar da.

  Interesatuek zabalik dute jada izena emateko epea. Larunbatean hasi zen eta otsailaren 26ra arte luzatuko da.

Iturria: Oñati irratia