Udalak iaz baino diru gutxiago jasoko du larreratze tasaren kobrantzatik, kasik %9 gutxiago.

2012/05/14
Larreratzen diren bildotsengatik ez kobratzea erabaki da.

   Udal gobernu taldeak aurtengo larreratze tasaren errolda onartu berri du. Datuei erreparatuta, aurten iaz baino ordain agiri gutxiago bideratu direla ikusten da eta ondorioz, larreratze tasa kontzeptuan diru gutxiago ere batuko duela.

  Konkretuki, larreratze tasari dagozkion 132 errezibo edo agiri tramitatu dira aurten, iaz baino kasik % 16 gutxiago. Kopurua murritzagoa izanik, jasoko den diru kantitatea ere txikiagoa izango da, 8.700 euro pasa guztira, iaz baino %9 gutxiago, lehen esan bezala.

  Arrazoia ez da derrepentean Oñatiko ganadu kopuruak behera egin duela. Izango da bai, tartean, hazienda murriztu duen ganadu zalerik, baina arrazoi nagusia da bildotsak larreratzeagatik tasarik ez kobratzea erabaki dela.

  Bildotsak aipatuta, gogoratu udalak artaldeak larreratu aurretik artzainei bete erazten dien baldintza: artaldea osasun egoera onean dagoela ziurtatzen duen agiria aurkeztu behar dutela. Agiri hau albaitero batek sinatuta egon behar da eta artaldea larreratu baino astebete lehenago gutxienez, udaletxean edo Partzoneriako bulegoetan presentatu behar da.