Udalak Guatemala eta Kuban elkartasun proiektuak babestuko ditu Euskal Fondoarekin hitzarmena sinatuta.

2013/09/06
40.000 euroko diru-laguntza bideratuko da.

  Guatemalan, 3 kilometroko landa bidea egitea da asmoa, Fray Bartolome de las Casas udalerriko bi komunitatetako bizilagunen hezkuntza, osasun zerbitzu, garraio eta garapenerako bideak errazteko.
Egitasmoa burutzeko epea, lau hilabetekoa da. Aurrekontua berriz, 77.000 euro. Udalak, Euskal fondoarekin izenpetu duen hitzarmenaren babesean, Oñatitik, 20.000 euro bideratuko dira.

  Bigarren proiektua handiagoa da: Habana hiriko erdigune historikoan adineko pertsonentzat babestutako egoitzak sortuko dira. Etxe zahar bat berreraikiko da, 17 etxebizitza eratuz. Aldi berean, zerbitzu guneak sortuko dira, sozialki kaltebera eta egoera kritikoan bizi den adinduen bizi-baldintzak hobetuz. Hiru urteko iraupena izango duen egitasmo honen aurrekontua 179 mila eurokoa da. Oñatiko udalak, 20.000 bideratuko ditu.

  Udalak Guatemalan eta Kuban diruz babestuko dituen bi proiektu hauei, garapen bidean dauden herrialdeetan gauzatzen ari diren beste batzuk batu behar zaizkio. Udalak, ia 88.000 euroko partida baitu horretarako. Elkartasun proiektuak gauzatzen dituzten gobernuz kanpoko 33 erakundek dagokien diru laguntza eskaera aurkeztu dute udaletxean. Orain, ongizate zerbitzuen batzordeak horiek aztertu eta diru laguntzak nola banatu erabaki beharko du.

Iturria: Oñati irratia