Udalak, garapenaren aldeko lankidetzarako diru laguntzak banatu ditu.

2014/12/09
Jaso ziren 32 proiektuetatik 22 diruz babestuko ditu.

Udal gobernu taldeak erabaki du jada nazioarteko lankidetzarako zuen diru poltsa zein egitasmotara bideratu. Oñatin egingo diren sentsibilizazio arloko ekintzak batuta hartarako zehaztu zen diru partida ia osorik agortu da; 94.500 euro banatzea erabaki da eta 800 euro inguru geratzen dira banatzeko.

Banoia Chernobilekin, Gurutze Gorria, Bubulum taldea, Baltistan Fundazioa, Oñatiko komite internazionalistak, HERMANSOLOÑA, Mali elkartasuna, Zazpi udaberri, Iñaxio Biain eta Juan Ignacio Agirre frantziskotarrak, Luis Arregi agustinoa, Parrokiako misio taldea, Rigoberta Menchú fundazioaren izenean Iker Zelaia, Mundu solidarioa helburu taldearen izenean Leire Etxeberria, Maria Luisa Ugarte eta Mari Karmen Markuleta misiolariak edota TAU fundazioa dira besteak beste, udalaren diru laguntza jasoko duten erakunde eta ordezkariak.

Diru laguntza handiena hiru proiektuk jasoko dute aurten: HERMANSOLOÑAk, Argentinara materiala bidali eta konponketa nahiz dinamizazio lan ezberdinetarako ia 17.500 euro jasoko ditu.

Arrasateko “mundu solidarioa helburu” elkarteak 14.800 euro jasoko ditu. Nicaraguako komunitate batean minusbaliotasuna duten gazteen integrazioa lortzea helburu duen egitasmoa aurkeztu du eta Oñatin bertan sentsibilizazio programa bat garatzeko proposamena. Bi ekimenek udalaren diru babesa lortu dute.

ACESMA elkartaren izenean Ibis Rodriguezek ere bi proiektu aurkeztu ditu: Kubako Baguanoseko udalerrian ospitalea berreraiki eta hornitzea batetik, eta Kolonbiako Santander herrian, auzo jantoki bat eraikitzea, bestetik. Udalak bi egitasmoak babestea erabaki du, guztira, ia 12.000 euro bideratuz.

Mª Carmen Markuleta eta Mª Luisa Ugarte moja mertzedariek aurkeztutako eskaerek ere udalaren diru laguntza jasoko dute. Markuletak, Dominikar Errepublikan, gaixotasun berezi eta larriak dituzten haur eta nagusiei laguntzeko proiektua aurkeztu du eta ia 5.000 euro jasoko ditu. Ugartek berriz, Haitin, Marbial herrian pobrezian bizi diren haurren eskolaratze gastuetarako 4.500 euro jasoko ditu Oñatiko udaletik.

Parrokiako Misio taldeak ere, Marbial herrian kokatzen du bere proiektua, haur eta lehen hezkuntzako ikastetxe berri bat eraikitzen laguntzea, alegia. Horretarako kasik 3.900 euroko diru laguntza jasoko du Misio taldeak.

Orain arte aipatutako proiektu guztiak Latinoamerikan gauzatuko dira, udalaren diru laguntza eskatu eta izango duten gehienak bezala.Diru laguntza hauek, arlo ezberdineko proiektuak babestera zuzenduko dira. Ikasketa bekak, prebentzio eta trebatze programak, osasun materiala eta azpiegitura egin edo hobetzeko proiektuak nagusi dira aurten ere./p>

Osasun arloari dagokionez, ia aipatutakoez gain, Iñaxio Biain frantziskotarrak Paraguayn, leuzemia duten umeei osasun laguntza eskaintzeko proiektua babestuko du udalak. Egitasmo honek, urtero diru laguntza jasotzen du eta aurten ere jasoko du. Rigoberta Menchú fundazioaren eskutik, Mexikoko Guerrero estatuan,emaginen lana egiteko formakuntza ikastaroak emateko proiektua diruz lagunduko da. Dominikar Errepublikan haur autisten arreta psikopedagogikoa hobetzea eta Pakistanen emakumeen osasunerako oinarrizko baldintzak hobetzeko proiektuak babestuko dira.

BUBULUM taldearen eskutik Nikaraguan, nekazal eremuetan bizi diren haur berezien bizi kalitatea hobetu eta tratu txarrak eta eraso sexualak jaso dituzten haur eta gazteei laguntzeko programa diruz lagunduko da eta Nikaraguan baita ere, Debagoienako Gurutze Gorriak, nekazaritza praktika egokiak bultzatzen duen proiektua aurkeztu du.

Oñatiko Komite internazionalistek ere, iazko egitasmoa osatuz Chiapas estatuko hainbat komunitateetan elikadura segurtasuna finkatzeko proiektua aurkeztu du.

Hezkuntza arloan berriz, Mali elkartasuna taldeak, bigarren hezkuntzako ikasleen bekatarako ia 4.000 euro jasoko ditu eta SERSO San Viator erakundeak, Burkina Fason eskolarik gabeko gazteak laneratzeko formazio ziklo bereziak aurrera eramateko egitasmoa aurkeztu du.

Horiek, jaso eta diruz lagunduko diren garapen proiektuetako batzuk dira.

Lankidetzarako diru laguntza hauek emateko banaketa sistema iaz aldatu zen. Proiektuak besteak beste, duten interes eta koberturaren arabera puntuatzen dira eta 80 puntutik gora lortu duten 22ak diruz lagunduko dira. Lortutako puntuazio horren arabera gainera, diru laguntzaren portzentaia handiagoa edo txikiagoa da. Guztira, dena den, 32 eskaera jaso dira aurten.

Iturria: Oñati irratia

Argazkia: Mª Carmen Markuleta Dominikar Errepublikan