Udalak finkatutako gehienezko aurrekontua 117.000 eurotan merkatuz, Atzeko kaleko beheko zatia egokitzeko lanak Gabika Excavaciones enpresari esleitzea proposatu du Kontratazio Mahaiak

2016/04/20

  Gabika enpresaren eskaintzak, Udalak finkatutako gehienezko aurrekontua merkatu ez ezik, lanak egiteko epea ere murriztu du. Hiru hilabete eta erdian egitea aurre ikusten zuen Udalak, baina hiru hilabetetan gauzatzea eskaini du enpresak. Hala, esleipenera aurkeztu ziren 14 enpresen artean puntuaziorik altuena lortu du. Eta ondorioz, Kontratazio Mahaiak berau kontratatzea proposatu dio Udalari. Orain, esleipena sinatu aurretik enpresak, lanak egin ahal izateko abala eta beste hainbat dokumentu aurkeztu beharko ditu.

  Atzeko kalearen behealdea egokitzeko lanak Korpus jaiak pasatu eta berehala hasiko dira, ekaina hasieran. Atzeko kaleko lanen proiektuak, Ramon Irizar kaleko bidegurutzetik behera dagoen kale zatia eta inguruko hiru kantoiak hartzen ditu bere baitan:  Ibarrondo, Kirrin eta udaletxe atzealdeko kantoiak. Udaletxe inguruko kantoia eta kale zatian adokinak jarriko dira Kale Barriako ereduari jarraituz. Gainontzeko kale zatian eta Ibarrondo eta Kirrineko kantoietan hormigon inpreso deritzona botako da, Atzeko kaleko goialdean egin zen bezala. Horrela, Atzeko kaleko itxura bateratuko da. Aurrez, ur azpiegitura sarea berrituko du Gipuzkoako Urak enpresak.

  Atzeko kaleko goialdeko lanak GOITU enpresak egin zituen eta behealdekoak, Excavaciones Gabika S.L.enpresa bizkaitarrak egingo ditu, azken orduko aldaketarik ez badago.

Iturria: Oñati Irratia