Oñatiko udala

Udalak ematen dituen ikerketa bekak hizpide izango dira Tokiko Gobernu Batzarrean

2018/12/20
Card image cap
Grant bekaren 2019ko deialdiaren oinarriak eta Selma Huxley bekaz sortutako lanaren hedapen proiektua aztertuko dira

  2017an eman zen lehen aldiz Grant beka. Bi urte hauetan, bina lan ekonomikoki babestu ditu Udalak, Lege Soziologia Institutuarekin elkarlanean. 2019ko beka deialdia urtarrilean zabalduko da baina aurrez, oinarriak onartu behar dira eta horixe aztertuko da arratsaldeko Gobernu Batzarrean.

  Berdintasunaren alorrean bestalde, Selma Huxley ikerketa beka ematen du Udalak. Halako lehenaren irabazleek Oñatiko emakumiak errekadutan; XX. mendeko komertzio txikiaren etnografia feminista bat lana osatu dute. Lana egin ez ezik, ahalik eta zabalpen handiena eman nahi zaio eta hedapenerako proiektua egin da. Horren inguruko xehetasunak emango zaizkie gobernu taldeko kideei.

  Baina aipatukoak, asteroko batzarrean jorratuko direnetako bi besterik ez dira, lan zerrendan77 gai jaso baitira. horietatik 33 Hirigintza eta Zerbitzuak atalari dagozkio, gehienak, ohikoa denez.  Badira ordea, bestelakoak ere. Jabetze eskolaren hurrengo sei hilerako programazioaren proposamena egingo da batzarrean. Lanbide 2018 programaren babesean egin diren hautaketa prozesuen emaitzak eta kontratatuko diren pertsonen berri emango zaie gobernu taldeko kideei eta 2019rako lan eskaintza publikoa onartzea ere eskatuko zaie. Haur eta Gazteria departamentuak hainbat programa garatu ahal izateko, Foru Aldundiarekin hitzarmena sinatzea proposatuko da eta udal departamentu honek Gabonetarako antolatu dituen ekintzen berri ere emango da.

  Euskara eta Hezkuntza departamentuak argitaratu duen 2019ko egutegia dagoeneko banatzen ari direla jakinaraziko da. Herriko denda, ikastetxe, enpresa eta lokal publikoetan uzten ari dira udal egutegia baina herritar partikularrek ere eskuragarri dute Turismo bulegoan, euro batean. Eta urte berriak herriko ikastetxe eta ikasleen familietara ekarriko duen Euskararen Kriseilua egitasmoa zertan den ere azalduko da arratsaldeko Tokiko Gobernu Batzarrean.


Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!