Udalak, argiztapena hobetu eta energia kontsumoa gutxitzeko argiteria sistema adimenduna jarriko du.

2012/11/05
Herrigunean eta industrialdeetan, errendimendu txikia eta argi kutsadura handia eragiten duten kasik 500 argi aldatuko dira.

  Gaia, azken Osoko Bilkuran aho batez onartu zen. Argiztapena hobetu eta argiteria sistema adimenduna jartzeko lanek bete beharko dituzten ezaugarri teknikoak eta lizitaziorako baldintzekin batera, sistemak ahalbideratuko duen diru aurrezpena, herriko argiteria sarea berritze-prozesuan berrinbertitzeko konpromisoa ere adostu zen. Hala eskatu zuen Euzko Alderdi Jeltzaleak eta hala onartu zuen gobernu taldeak.

  Udalak guztira, argiteria publikoko 474 argi puntu aldatuko ditu. Gehienak, kasik 400, herri guneko kale eta auzunetan barreiatuta daude. Baina aipagarria da Osinurdin, Fanderia eta Berezaoko industrialdeetako argiteria ere hobetuko dela, hiru gune horietako 76 argi puntu aldatzea aurre ikusten baita. Errendimentu txikia baina aldi berean, kutsadura luminiko handia eragiten duten argi puntuak aldatuko dira. LED teknologiadun argi berriak eta argiteriaren kontrolerako sistema adimendua jarriko dira. Horrela, argiteria publikoan energia elektriko kontsumoa murriztu nahi da, gastu ekonomikoa bera ere murriztuz.

  Hainbat leku estrategikoetan detektagailuak jarriko dira momentuko beharraren arabera, argi berrien intentsitatea kontrolatuz. Hau da, auto edo pertsona baten mugimendua detektatu ahal izango duten aparatuak jarriko dira, argiek, hurbiltasunaren arabera gehiago edo gutxiago argitu dezaten. Aldi berean, egun bakoitzak duen argi intentsitatearen arabera argiak lehenago edo beranduago ixutu eta itxungiko dira.
Argiteria sistema berri honek gutxienez, % 70ko aurrezpena eragitea espero da. Aurrezpena, argindar kontsumo txikiagoa duelako baina baita ere, mantentze kostu txikiagoko instalazioak direlako. LED teknologiako argiek biziraupen luzeagoa baitute eta argi fluxua erregulatzeko aukera ematen dutenez, energetikoki ere eraginkorragoak dira. Gainera, egun herrian jarrita dauden sodio lurrinezko argiek baino argiztapen kalitate hobea dute.

  Ia 500 argi puntu aldatu eta argiteria sistema adimenduna jartzeko lanen aurrekontua, 426 mila euro gehi BEZa da. Hori da behintzat, udalak onartutako kontratazio lizitazioan zehazten dena. Baina lanak esleitzerakoan, litekeena da eskaintza merkeagoa jasotzea. Eta litekeena da baita ere hori erabakigarria izatea, lanak esleitzeko irizpide nagusia eskaintza ekonomikoa izango baita. Proposamen teknikoa eta hobekuntza proposamenak ere kontutan hartuko dira. Gaur argitaratu da hain zuzen ere, lanok egiteko lizitazio iragarkia. Interesa duten enpresek azaroaren 20ra arteko epea dute beren eskaintzak udal bulegoetan aurkezteko.

  Udalak, herri gunea eta hiru industrialdetako argiteria hobetzeko egingo duen inbertsio handi honi aurre egin ahal izateko Energiarako Euskal Erakundearen diru laguntza eskatuko du. EVEtik inbertsioaren % 40a estaltzeko adina diru eskuratu daiteke. 

Iturria: Oñati irratia