Udala, Oñatiko berdintasunerako diagnosikoa egin eta plana osatzeko prozesuari ekitera doa.

2012/06/18
Herriko gizonezkoak berdintasun plan honen diseinuan parte hartzera bereziki gonbidatu dira.

  Berdintasun batzordearen eskutik orain abian jartzen den egitasmo honen helburu orokorra, herriko gizon eta emakumeen errealitatearen ezagutza sakona lortu, arazoak identifikatu eta gizon emakumeen berdintasunean aurrera egiteko oinarrizkoak diren esku-hartze eremuak definitzea da. Horretarako aurrez beste urrats batzuk eman behar dira: eremu ezberdinetan Oñatiko emakume eta gizonen artean egon litezkeen ezberdintasunak identifikatu eta emakumeek dituzten oztopoak eta indar-guneak zehaztu behar dira.

  Udal baliabide eta zerbitzuak erabiltzerakoan, gizon eta emakumeen artean dauden ezberdintasunak ezagutu behar dira eta horien oinarrian dauden arrazoiak aztertu behar dira. Emakume eta gizonen ardura eta inplikazio mailak ere aztertu behar dira bai etxeko lanen banaketan, aisialdirako denboraren erabilpenean, zaintza lanetan eta abar.

  Emakumeen aurkako indarkeriaren fenomenoak Oñatin duen izaera ezagutu behar da eta udaleko langileek berdintasun gaien inguruan duten ezagutza eta sentsibilizazio maila ere zehaztu behar da, beren zereginetan genero ikuspegia txertatzeko dituzten aukerak eta zailtasunak jasoz.

  Hori guztia egin ahal izateko, herritar guztien parte hartzea ezinbestekoa da, eta alde horretatik, gizonezkoen inplikazioa bereziki eskatu da berdintasun batzordetik. Izan ere, berdintasunerako plan batek ezin baitu gizartearen erdia alde batera utzi. Kontu egin behar da gainera, gizonezkoak egungo ezberdintasun ereduaren “biktima” edo badirela. Indarrean dagoen genero sistemak gizontasun eredu jakin bat betetzera behartzen baititu. Indartsuaren eredua, sentimenduak ezkutatu behar dituenaren eredua, familiaren euskarri izatearen eredua. Horrek ere gizakumearen garapen afektibo-pertsonala mugatu egiten du.

  Oñatiko berdintasunerako lehen diagnostikoa izango den hau osatzeko, teknika ezberdinak erabiliko dira baina herritar guztien parte hartzea, emakume nahiz gizonen parte hartzea, ezinbestekoa izango da.