Udal gobernu taldeak 22 milioi euro pasako aurrekontua osatu du 2019rako, aurtengoa baino ia % 18 handiagoa

2018/11/22
Card image cap
Proposamena, oposizioaren esku utzi dute jada

   22.151.000 euroko aurrekontu proposamena da EAJko taldearen esku udal gobernuak jarri duena. Aurrekontu orekatua da sarrera/gastuei dagokienean eta 612.000 €ko aurrezki arrunta aurreikusten da, gobernu taldeak jakinarazi duenez. Inbertsioen atalean, oñatiarrentzat estrategikoak diren proiektuak gauzatzen hastea aurreikusten da, egitasmo nagusiak, Kiroldegiaren eraberritzea eta Olaitturriko proiektua izango direla azpimarratuz. Bi egitasmo horietarako 3 milioi eta erdi € bideratzea proposatzen du gobernu taldeak. Baina gastu horri aurre egiteko udalaren egoera ekonomikoa sendoa dela gogorarazten da, azken urteetan egindako kudeaketaren ondorio.

  Kiroldegia eta Olaitturriko lan handiez gain, Araotzeko ostatua, San Lorentzoko 9. areako irisgarritasun lanak, Partaidetzazko aurrekontuak prozesuan herritarrek bozkatutakoak, Herritarren Arreta Zerbitzua eta Olakuako irisgarritasunerako exekuzio proiektua edo plazako kioskoaren proiektua jaso dira inbertsioen atalean, 2019rako.

  Gastuei dagokienean, Ongizate Zerbitzuen alorrean, gizarte larrialdietarako diru laguntzak eta laguntza psikosoziala indartzea proposatzen da. Zerbitzu publikoen alde egindako apustuan jarraituz, lehen aipatutako Herritarren Arretarako Zerbitzua zabaltzea aurreikusten da, herritarrei zerbitzu integrala eta gertukoa eskaini asmoz. Berdintasuna udal arloa indartuz teknikari plaza deitzea aurreikusten da. Mugikortasun arloan, herriko bidegorri sarea osatuta, Oñatiko Gerriko Berdea formalki izendatu eta katalogatzeko urratsak ematea jaso da 2019ko aurrekontuetan. Eta landa eta ingurugiroari dagokionean berriz, baso jabeekin elkarlan markoak bilatzeko bitartekoak jartzea aurreikusten da.

  2019ko udal aurrekontuen aurrerapena jakinaraziz prentsara zabaldu den dokumentuaren amaieran, gobernu taldeak partaidetzazko aurrekontuetan aktiboki parte hartu duten herritar eta udal langileak eskertu eta zoriontzen ditu.


Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!