Oñatiko udala

Udal artxiboan gordetzen den Gomendio familiako funtsa garbitu eta deskribatuko da aurten.

2014/03/19
Card image cap
Interes kultural eta historiko handia duen funtsa dela uste du artxibozainak.

  Gomendio familiako fondo hau 42 kutxek osatzen dute. Tartean, karlistadei buruzko agiriak, kontuen dokumentuak, industriari buruzko informazioa, editatutako lanak eta nahastutako beste zenbait agiri daude. Orain arte, XIX-XX. mendeetako materiala zela uste bazen ere, XVIII mendeko kontu liburuak topatu dira eta litekeena da, agiri zaharragoak ere izatea. Baina une honetan dagoen moduan funtsa ezin da kontsultatu, zikina dago eta agiri asko tolestuta ere bai.

  Lehenik beraz, Gomendio familiako funtsak biltzen dituen agiriak garbitu eta txukundu behar dira eta ondoren, erabili ahal izateko dokumentuen deskribapena egin behar da. Horixe da, udal artxiboak aurten garatuko duen lan nagusia: Gomendio familiaren funtsa kontsultarako eta kontserbaziorako prestatzea.

  Lehenik, esan bezala, agiriak garbitu eta txukundu behar dira. Lan hori egiteko, udal artxiboko beste dokumentu batzuk jada tratatu dituen Miravalles Restaura enpresara jo da. Pasa den asteko tokiko Gobernu batzarrean agirien eraberritze lan hauek egitea onartu zen. 9 astez luzatuko dira eta guztira, 5.000 €ko aurrekontua izango dute.

  Dokumentuak garbitu eta aztertzeko moduan daudenean, deskribatze lana hasiko da. Hau da, agiri bakoitzaren izaera, data edo garaia eta aipatzen diren gai eta pertsonak zehaztuko dira dokumentuaren fitxan. Horrela, ikerlarien lana arinduko da. Deskribatze lan hori iraila-urria inguruan egitea aurre ikusten da. Beraz, urte akabera aldera edo datorrenaren hasieran jada udal artxiboan gordetzen den Gomendio familiako funtsa erabilgarri eta kontsultarako izatea espero da.

  Funtsa, esan bezala, aberatsa da bai kantitatez, agiri ugari biltzen baititu eta baita kalitatez ere, artxibozainaren ustez interes kultural eta historiko handia baitu.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!