Oñatiko udala

Udako zaintza zerbitzu berezirako izen-emate epe berria zabaltzea eskatu du EAJk

2020/06/11
Card image cap
Zaintzarako dirulaguntzak ematea ere proposatu dute jeltzaleek

  Udalekuen ordez udalak aurten eskainiko duen Zaintza Hezitzaile zerbitzurako izen-emate epe berria irekitzea eskatu du EAJren udal taldeak. Gogoratu, Udaleku irekietan nahiz Arte udalekuetan izena emanda zeuden haurren familiei eskaini diela zerbitzu berri hau udalak. EAJk dio ados dagoela zerbitzua eskaintzearekin, umeen sozializazioa eta osasun emozionala, familietan sortzen diren kontziliazio arazoak, eta etxean euskaraz komunikatzeko aukerarik ez duten haurren euskalduntze prozesua kontuan hartuz. Baina Covid-aren ondorioz udalekuetarako izen-emate epea laburtu egin zela eta, astebeteko izen-emate epe berria zabaltzea eskatu du EAJk. Horrez gain, familien kontziliazio arazoak bideratzeko, dirulaguntza lerro bat sortzea proposatu du, familiei zaintzailek kontratatzen laguntzeko.

  Lau puntutan laburbildu ditu EAJk bere proposamenak:

  - Udako Zaintza zerbitzuan arituko diren begirale eta haurren prebentzio eta osasun segurtasunerako neurriak bermatzea.

  - Txipistin zerbitzuan dauden haurrak udalekuetan parte hartzea bermatzea, konfinamendua hasi zenetik askok ez dutelako euskaraz komunikatzeko aukerarik izan.

  - Zerbitzu berrian izena emateko astebeteko epea zabaltzea.

  - Familia kontziliazio arazoak bideratzeko dirulaguntza partida bat sortzea; gurasoak lanera joan eta aitona-amonen segurtasunerako, familiei zaintzaileak kontratatzen laguntzeko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!