Udako Zaintza Hezitzaile zerbitzua mantentzea erabaki du Udalak

2020/07/20
Udalekuak debekatzen dituen dekretu falta, Oñatiko osasun egoera eta guraso eta haurren beharrak baloratu dira

  Udalekuak bertan behera uzteko esan zuen Osasun sailburu Nekane Murgak prentsaurrekoan, larunbatean. Neurria jasoko lukeen dekretuaren zain egon dira Udaleko Haur eta Gazteria departamentuko arduradunak Udako Zaintza Hezitzaile zerbitzuarekin aurrera egin ala ez erabakitzeko. Baina halakorik ez da argitaratu eta Oñatiko egoera baloratu ondoren, zerbitzua mantentzea erabaki dute, guraso eta tutoreei jakinarazi dietenez.

  Goizean egin den bileran hainbat puntu eztabaidatu dituzte: Oñatiko osasun egoera, zerbitzuan hartzen diren prebentzio neurriak eta guraso eta haurren beharrak, besteak beste. Gurasoei bidali zaien mezuan dioenez Oñatiko osasun egoera ez da bereziki aldatu azken astean. Horregatik, betetzen ari diren lanarekin jarraitu beharra sentitzen dute. Orain arte hartu diren prebentzio neurriak zorroztuko dituztela diote eta haurren eskubideak bermatzen jarraitu beharra azpimarratzen dute, helduon aisialdiak inongo aldaketarik izan ez duenean haurren eskubideak zapaltzen lehenak izan baitira, beste behin.

  Egoeraren aurrean tentuz jokatu behar dela dio idatziak eta Covid-19aren sintomaren bat izanez gero zerbitzuaren arduradunekin lehenbailehen harremanetan jartzeko eskatzen da.

  Udako Zaintza Hezitzaile zerbitzua beste neska-mutiko batzuekin eta euskaraz harremantzeko beharra duten haurrei eta kontziliazio arazoak dituzten familiei zuzendutako zerbitzu moduan antolatu zuen Udalak. 210 bat neska-mutikok parte hartzen dute eta ostiralean, uztailaren 24an amaituko da.

Iturria: Oñati Irratia