Txantxiku elektrizitateak egingo ditu kanpo argiteria publikoa berritzeko 3. faseari dagozkion lanak

2015/12/15
120 luminaria aldatuko dira Bidebarrieta eta Portalekua inguruetan

  Argiteria publikoa hobetu eta kontsumoa gutxitzeko 3. faseari dagozkion lanak esleitzeko, publizitaterik gabeko prozedura negoziatua erabili du Udalak. Hiru enpresei lizitaziora aurkezteko gonbidapena luzatu zien eta egin dituzten eskaintza ekonomiko eta txosten teknikoak baloratuta, Txantxiku elektrizitateak enpresari esleitu zaizkio lanak.

  Datozen asteetan 120 luminaria aldatuko dira Bidebarrieta eta Ultzegin kaleetan eta saihesbide inguruan. Konkretuki, anbulatorio parean hasi eta Bidebarrieta kale osoan zehar, Ultzegin kaleko aparkalekuan eta GI-2630 errepidean, saihesbideko biribilgunetik Portalekuako biribilgunera arteko luminariak aldatuko dira. Egungo sodio lurrunezko argien ordez LED teknologiadunak jarriko dira. Helburua, argindar kontsumoa jaistea da, luminaria berriek iraupen luzeagoa eta mantentze gastu txikiagoa izaki errendimendu hobea dutelako. Gainera, argi intentsitatea erregulatzeko sistema adimenduna jarriko da. Onartu den esleipen aurrekontua, 69.000 euro gehi BEZa da.

  Lanak berehala hasiko dira, bi erakundek diru laguntza agindu baitiote udalari eta horiek jasotzeko, lanak lehenbailehen egin behar baitira.  Energiarako Euskal Erakundeak ia 21.000 €ko diru laguntza agindu du eta Foru aldundiak beste 11.000 € emango ditu.

  2013an ekin zion Udalak, argiteria publikoa eraginkorragoa bihurtzeko luminariak aldatzeko lanari. Faseka egin dira eta esleitu berri diren 3. fase honetan Bidebarrieta eta Portalekua ingurukoak aldatuko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Luminariak aldatzen Olakua auzoan