Oñatiko udala

TXANTXIAK kultur ekitaldietako sarrerak erosteko erabili ahal izango dira gaurdanik

2015/04/17
Card image cap
Santa Ana aretoan udalak antolatutako ikuskizunetan eta zine sarrerak erosteko txantxiak hartuko dira

  Oñatiko moneta sozialaren erabilera zabaltzeko asmoz, udalak, Elkarri lagunduz proiektuan parte hartzen duten merkatari eta ostalariekin batera hartu duen azken erabakia da: Santa Ana aretoan udalak antolatzen dituen ikuskizunetarako eta kultur etxeko zine emanaldietarako sarrerak txantxiak erabiliz eskuratu ahal izango dira gaurtik aurrera. Horrela, helburu bikoitza beteko da: herriko txanponaren erabilera eremua zabaltzea eta kultur kontsumoa sustatzea. Kontu egin behar baita, euroak txantxitara aldatzerakoan udalak ematen duen % 5aren hobaria, kasu honetan, eta zeharka bada ere, kultur jardueretara bideratuko dela.

  Gaur gauean jada, zinera doazenek, sarrera txantxitan ordaindu ahal izango dute eta Santa Ana aretoan, apirilaren 26an izango den “Konpost eroak” haurren antzerkirako sarrerak izango dira txantxitan eskuragarri jarriko diren lehenak.

  Era berean, txantxiaren proiektua ezagutzera emateko sozializazio plangintzak aurrera jarraitzen du. Horren haritik, datorren astean bi hitzordu berezi beteko dira: Elkar Hezi ikastetxean DBHko ikasleei txantxien berri emango zaie eta ULMA taldean ere, hitzaldiak egingo dira.

  Abenduan jada, tokiko moneta eta ekonomia zirkularraren inguruko hitzaldi zikloa bete zen herriko hiru ikastetxeetako batxilergoko ikasleekin. 2015ean berriz, gaia DBHko ikasleekin lantzeko helburua markatu zen eta horretan dihardute udal arduradunek. Zuazola institutuan eta Txantxiku Ikastolan egon ondoren, datorren astearte eta asteazkenean Elkar Hezi ikastetxera hurbilduko dira.

  Aldi berean, herriko enpresak egitasmora batu daitezen, azalpen bilerak egingo dira ULMAko langileekin. Garagaltza auzoko zerbitzu zentraletako auditorioan  bi hitzaldi emango dira datorren asteazkenean. Txanda ezberdinetan  dabiltzan langileek joateko aukera izan dezaten, goizeko 11etan eta arratsaldeko 6tan izango dira  “Txantxia: zer da eta nola funtzionatzen du?” izenburua duten hitzaldiok.

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!