TXANDA elkarteak promozio kanpaina berria jarri du martxan

2020/11/12
Txanda txartelaz ordaintzen dutenek 5, 10 edo 50 euroko bapateko deskontua jaso dezakete sari gisa

  Bezeroen fideltasuna saritze aldera eta bide batez, Txanda txartelaren erabilera sustatze aldera, dendarien elkarteak promozio berria egingo du azaroa eta abenduan zehar, Rural Kutxarekin elkarlanean. Erosketak Txanda txartelaz ordaintzen duten bezeroek zuzeneko saria jaso dezakete, 5, 10 edo 50 euroko deskontua, txartela datafonotik pasatzerakoan.

  Guztira, 2.000 euro banatuko dira saritan. Deskontuak, ordaintzera doan erosketan zuzenean aplikatuko dira.

  Rural Kutxaren babespean, orain urte batzuk sortu zuen dendarien elkarteak Txanda txartela. Elkarteko kide diren establezimenduetan erabilgarri den kreditu txartela da. Doakoa da eta eskuratzeko, Txandako dendetan dauden izen-emate orriak betetzea nahikoa da. Txandak, tarteka, elkarteko txartelaren erabilpena saritzen du, orain, azaroan eta abenduan martxan jarri duen promozioaren antzekoak eginez.

  Urte amaierara arte luzatuko den promozio honetan, esan bezala, 5, 10 edo 50 euroko bapateko deskontu sariak irabazi daitezke.

Iturria: Oñati Irratia